2016

Zinema solasaldiak: Costa-Gavras / Imanol Uribe

 

 

DSS2016EUrekin lankidetzan aurten abiatutako “Zinema solasaldiak” egitasmoari amaiera bikaina emango diogu Costa-Gavras eta Imanol Uribe zinemagileekin. Abenduaren 10ean zinemaz solas egingo dute, eta euren zenbait filmek ere hala egiten jarraituko dute martxora arte. Beraien zinemarekiko hurbilketa beti izan da politikoa (ia ezinezkoa da hala ez izatea edozein zinemagilerentzat): ezarritako ordena zalantzan jartzen ez duten haiena ere politikoa da. Orain dela gutxi zaharberritu dituzten Costa-Gavrasen lehen bost filmak programatuko ditugu; eta Imanol Uriberen beste lau, horien artean El proceso de Burgos (1979) eta La muerte de Mikel (1983) filmen kopia berriak proiektatuko ditugu.

Irakurtzen jarraitu

Juanma Bajo Ulloa: atzera begirakoa, zinema solasaldia eta argitalpena.

 

Juanma Bajo Ulloarentzat benetako erronka da zinema. Seguru aski, erronka hirukoitza. Alde batetik, bere buruarekiko berrespena izan zen 70. hamarkadan familiako argazki-dendaz arduratzen zen eta zinema zuzendaria izateko zantzurik ez zuen Gasteizko mutil harentzat. Bestalde, dagoeneko zinemagile gisa, bere ikusleei pasa zien erronka: Juanmari, betidanik, bere filmetan denek gertatuko zela uste zutena ez gertatzea gustatu izan zaio. Azkenik, sortzaile bezala duen independentziaren alde egindako aldarria ere azpimarratu nahi dugu, zuzendariaren ibilbidean beti bistakoa izan dena. Juanma Bajo Ulloa Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi duen pertsonarik gazteena bilakatu zen bere lehen film luzearekin (Alas de mariposa, 1991). Istorio klaustrofobiakoak eta gogorrak, umore eztandak, erabateko independentzia eta musikarekiko benetako zaletasuna izan dira bere filmografiaren ardatzetako batzuk azken hiru hamarkadetan. Orain, Donostian eta Gasteizen antolatutako atzera begirakoaren protagonista bilakatu du Euskadiko Filmategiak, eta aldi berean, euskal zinemagileei eskainitako argitalpen bildumaren azkena berari eskaini dio: Juanma Bajo Ulloa. Cine en las entrañas. Bajo Ulloa adimen hutsa da. Atzera begirakoak eta argitalpenak hori egiaztatzeko aukera ona eskaintzen dute.

Irakurtzen jarraitu

Jazzinema (2016)

 

JAZZINEMA... BI ESTREINALDIREKIN: BORN TO BE BLUE (Robert Budreau, 2015) eta MILES AHEAD (Don Cheadle, 2015)

Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiarekin eta Heineken Jazzaldiarekin lankidetzan, JAZZINEMA zikloa antolatu du. Emanaldiak uztaileko ostegunetan izango dira, 19:00etan, Donostiako Tabakalerako zinema aretoan. Ziklo honetan, zinemaren eta jazzaren arteko sinbiosi zoragarriak azken hamarkadetan emandako hainbat film ikusiko ditugu. Chet Baker izango da lehen bi saioetako protagonista. Dagoeneko klasiko bihurtu den Let’s get lost (Bruce Webber, 1988) dokumentalarekin hasiko gara, tronpeta-jotzaile ahaztezinari buruzko lanarekin, alegia. Udako lehendabiziko oparia izango da Born to be blue (Robert Budreau, 2015) filmaren erabateko estreinaldia. Bertan, Ethan Hawke aktoreak Bakerren papera antzezten du. Gainera, Heineken Jazzaldiko zuzendari Miguel Martínek egingo du saioaren aurkezpena.

Hileko beste protagonista Miles Davis izango da. Beti da momentu egokia Louis Malle zuzendariaren Urkamendirako igogailua -Ascenseur pour l’échafaud- (1957) filmerako Miles Davisek konposatutako soinu banda mitikoa entzuteko. Eta, amaitzeko, azkeneko oparia, beste estreinaldi absolutu bat izango da: Miles ahead (Don Cheadle, 2015). Don Cheadle zinemagileak Miles Davis musikaria zuzendaritzatik eta interpretaziotik erreparatuta islatzen du pelikula honetan. Emanaldi hori ere Miguel Martínek aurkeztuko du.

JAZZINEMA zikloa Euskadiko Filmategira uztailero itzultzeko asmoarekin abiatu dugu. Soberan dira arrazoiak.

 

Irakurtzen jarraitu

Zinema kantxara

 

 

“Pilota eta eskua; eskua eta pilota. Esku biluzi bat eta pilota gogor bat…”. Horrela hasten da Jørgen Lethen Pelota (1983). Zinemagile bat baino gehiagok, euskaldunak eta atzerritarrak, kirol honen inguruko interesa azaldu dute. 1948an, esaterako, Sarasuak bere kamerarekin filmatu zuen Atano III-aren nagusitasunaren amaiera. Orson Welles ere liluratuta utzi zuen jolasak. Basterretxeak eta Larruquertek frontoia sinfonia bilakatu zuten, eta Roberto Gavaldonek, berriz, melodrama mexikar noir bat. Beti-Jai edota El pelotari filmetan kirolak biziraun nahi du; Jai Alai Blues-en bidaiaria eta distiratsua da. Las pelotaris filmak baieztatzen du halaber guztiontzat dela. Xabier Euzkitzeren hitzek, honek pilotarekiko eta euskararekiko duen grina ukaezina da, horretan guztian murgilduko gaituzte lehen emanalditik hasita.

Irakurtzen jarraitu

Wilder, Wilder, Wilder, Wilder...

 

110 urte bete dira Billy Wilder (1906-2002) jaio zenetik. Austrohungariar Inperioan jaio zen. Bere familia Auschwitzen hil zen. Kazetaria eta gigolo moduko zerbait izan zen. Lubitschen dizipulua. Zuzendari bilakatu zen, bere gidoiak berak idatzi bezala ikusi nahi zituelako pantailan. Bere funtsezko agindua “Ez aspertu” izan zen: buruko mina sor zezakeen arren inoiz ez zela aspergarria izan esan ohi zuen bere emazteak. Hitchcockek Double indemnity (Perdición, 1944) ikusi ondoren, ordutik aurrera zinemako bi hitzik garrantzitsuenak Billy Wilder zirela esan zuen. Louis B. Mayerri ez zitzaion gustatu Sunset Boulevard (El crepúsculo de los dioses, 1950); guri izugarri. Westernak izan ezik, denetariko filmak egin zituen. Berak esan ohi zuen zuzendari batek ez duela nahitaez jakin behar idazten, baina ez dagoela soberan irakurtzen jakitea. Lau pelikulako ziklo txiki honek Wilder serioena erakusten duela pentsa genezake. Kontuz. Wilderri ez zitzaion gustatzen seriotzat ez hartzea, baina oraindik gehiago gorroto zuen serioegi hartua izatea…

 

  

Irakurtzen jarraitu

Zinema solasaldiak: Montxo Armendáriz-Laurent Cantet

Euskadiko Filmategiak apirilean izango duen programazioa erakundeak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin elkarlanean abiatutako proiektu batean oinarrituko da: “Zinema solasaldiak”. Egitasmo horri esker, euskal eta europar zinemagileen arteko topaketak (Víctor Erice eta Pedro Costa portugaldarra izan ziren lehenak 2015eko azaroan) antolatuko dira urtean zehar publiko guztiari zuzenduta eta doan. Armendáriz eta Cantet solasean ariko dira apirilaren 9an, 18:00etan, Tabakalerako Z Aretoan. Era berean, euren filmografien zati bat proiektatuko da apirilean Tabakalerako zinema aretoan. Izan ere, Europako zinemaren gaur egungo bi maisu hauek testuinguru, begirada eta kezka bat baino gehiago partekatzen dituzte.

Irakurtzen jarraitu

Euskal ondarea pantailara

Euskadiko Filmategiak gordetzen duen ikus-entzunezko ondarea izango da martxoko programazioaren protagonista. Iaz zendu zen Pío Caro Baroja zuzendariari omenaldia eginda hasiko da hilabetea, 1971n zuzendu zuen Navarra, las cuatro estaciones filma proiektatuta, martxoaren 3an. Donostia 2016 Fundazioarekin eta San Telmo Museoarekin batera, gure artxiboan gordetzen dugun José Antonio Sistiagaren Ere erera baleibu izik subua aruaren (1968-1970) filmaren proiekzioa egingo dugu eta zuzendariak berak aurkeztuko du lana hilaren 10ean. MAQ. Generación 8mm. (2016) filma estreinatuko dugu martxoaren 17an. Iñigo Kintanak bere aitari, Miguel Ángel Quintanari, omenaldia egin dio film honekin eta, bide batez, baita 8mm.-tan eta Super-8mm.-tan filmatu zuten zinemagile amateurrei ere. Bukatzeko, hilaren 31ko emanaldia, galdutzat ematen ziren eta berriki aurkitu dituzten bi filmen ingurukoa izango da. Alde batetik, Gerra Zibilaren aurretik Euskal Herrian errodatu zen azken filma ikusi ahal izango da: Sinfonía Vasca (Adolf Trotz, 1936), Andoni Elezcano ikerlariak aurkitutakoa. Bestetik, Gure sorlekuaren bila (Josu Martinez, 2015) proiektatuko da; euskaraz egindako lehen filma aurkitzeko egindako bilaketa kontatzen du lehen pertsonan zuzendariak.

Irakurtzen jarraitu

Mitxelenarenak

Koldo Mitxelena (Errenteria 1915-Donostia 1987) hizkuntzalariaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen da aurten. Mitxelena zinema kritikaria izan zen 1954 eta 1961 urteen artean Egan aldizkarian (euskarazko zinema kritikak aldizka argitaratu zituen lehen berripapera izan zen). Mitxelenaren idazkerak maila altua erakutsi zuen lan hauetan ere. Hizkuntza zinematografikoaren alde teknikoenak saihestu zituen nahita, eta film bakoitzaren historian eta zuzendari bakoitzaren obraren testuinguruan jarri zuen arreta. Bere testuek handinahikeriazko erudizio ariketei uko egin zieten: iritzia eman ordez, informatu egin zuen, eta inoiz ez zen sentitu pelikula egin zuen pertsona baino gehiago. Ironia, sarkasmoa eta umorea baliatu zituen gustatzen ez zitzaionetik urruntzeko, eta sekula ez zuen jo irainera edota pontifikaziora. Aitzindaria izateaz gain, Koldo Mitxelena pertsona apala izan zen, eta zinemaren esparruan talentua antzemateko zuen sena ukaezina da.

Euskadiko Filmategiak Errenteriako Udalarekin elkarlanean antolatu duen Mitxelenarenak zikloa otsailaren bukaera arte luzatuko da Tabakaleran (Donostia).Euskal intelektualari deigarriak egin zitzaizkion eta dagoeneko klasiko bihurtu diren zenbait titulu errepasatuko dira, hala nola Berlanga, Kazan, Houston eta Aldrich bezalako zuzendarien lanak, besteak beste. Proiekzio guztiak jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko edota euskarazko azpitituluekin, izango dira.

Irakurtzen jarraitu
Zerbitzuak

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.