2015

Katrina, 10 urte ondoren

KATRINA URAKANAK ERAGINDAKO SUNTSIKETAREN HAMARGARREN URTEURRENA OROITUKO DU EUSKADIKO FILMATEGIAK ZIKLO BATEKIN

Katrina Urakanak New Orleans hirian eragin zuen suntsiketaren hamargarren urteurrena betetzen den honetan, Euskadiko Filmategiak Katrinak eragindako ondorio latzak ederki erakusten dituzten filmeen zikloa antolatu du abenduaren 3tik 18ra Donostian eta Bilbon. Tabakalera eta Azkuna Zentroa dira ziklo honen antolaketaren laguntzaileak. Halaber, Fermin Muguruza izango da ziklo honetako aholkularia.

2005eko abuztuaren bukaeran, Katrina Urakanak 1.833 hildako utzi zituen Amerikako Estatu Batuetako hego-ekialdean. 100.000 etxe gelditu ziren ur azpian eta New Orleanseko biztanleriaren %80ak bere etxebizitza utzi behar izan zuen. Naturak eragindako suntsiketaz gain, Bush presidentearen administrazioaren gaitasun eza (hilabete batzuen ondoren egindako hainbat akats onartu behar izan zituen presidenteak) pairatu behar izan zituzten herritarrek. Duela gutxi zendutako Allen Toussaint musikariak esan zuenez: “Gauza ikaragarriak ikusi nituen. Baina baita ere borondate oneko ekintza ugari (…). Jende askok modu ederrean erreakzionatu zuen gainontzekiko, beste toki askotatik etorri zen jendea gu laguntzera. Eta horrek lasaitu ninduen”.

Azala haragira itsatsita dagoen moduan, zinemak errealitatera itsasteko duen gaitasuna egia bada, New Orleansen eta Katrinaren kasuak adibide ederrak dira. Zenbait zinemagile ospetsuk haien kamerak hartu zituzten eta bertan gertatu zena kontatzera hurbildu ziren. Spike Lee izan zen lehendabizikoa HBOrentzat egindako ezinbesteko dokumental batekin, When the levees broke (2006). Ondoren Trouble the water (2008) txundigarriarekin iritsi ziren Carl Deal eta Tia Lessin. Aaron Walker, berriz, Katrinaren aurreko eta ondorengo ikuspegi antropologikoetan murgildu zen Bury the hatchet (2009) filmarekin.

Katrina, hamar urte ondoren zikloa laburra baina trinkoa da. Gainera, gure arteko baten begiradarekin New Orleansera hurbiltzeko aukera izango dugu: Fermin Muguruzarekin, hain zuzen. Zikloan estreinatuko duen NOLA? filmak, bertako kultura musikal izugarriari omenaldia da, 2005eko suntsiketari bistarik kendu gabe. Zinemari esker, historia hura ez du haizeak eramango.

Irakurtzen jarraitu

Víctor Erice: atzera begirakoa, zinema tailerra eta Pedro Costarekin solasaldia

     Azaroak 05-26. Atzera begirakoa.

     Azaroak 09-13. Zinema tailerra.

     Azaroak 14. Zinema solasaldiak: Víctor Erice-Pedro Costa.

Irakurtzen jarraitu
Zerbitzuak

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.