YANNICK BELLON, ANGELA SCHANELEC ETA RAINER WERNER FASSBINDER IZANGO DIRA TABAKALERAKO ZINE-PROGRAMAREN PROTAGONISTAK

2019-09-17

- Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Donostia Kultura, Elías Querejeta Zine Eskola eta Donostia Zinemaldiak elkarlanean osatu dute Tabakalerako zinerako programa.

- Zinearen iragana, oraina eta etorkizuna ikusgai izango dira Tabakalerako zine-aretoan asteazkenetik igandera.

- Programazioa osatzen duten saio guztietan erabili ahal izango den zine-bonu bakarra eskainiko da.

Gaur, Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak, Elías Querejeta Zine Eskolak, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerako zinema taldeak datorren urrian Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan abiatuko den zinema-programazioa aurkeztu dute hedabideen aurrean.

Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusiak elkarlanetik sortutako proiektuaren sendotasuna azpimarratu du: “Erakunde ezberdinek elkarrekin landuriko zine-programa aurkeztera gatozen bigarren urtea da. Tabakalerak daukan indarraren eta ahalmenaren adibide garbia da programa hau, zinearen iragana, oraina eta etorkizuna bateratzen dituen programa bat, eta ikusleari harridura sortaraziko diona”.

Zine konprometitua eta berritzailea

Urriaren 2an abiatuko da Tabakalerako zinearen programazio egonkorra, asteazkenetik ostiralera eskainiko diren proiekzio-saioekin. Yannick Bellon, Angela Schanelec eta Rainer Werner Fassbinder-i eskainitako atzerabegirakoak bereziki azpimarratzekoak dira. Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendariak esandakoaren arabera, “zinemagintza zuzena eta ez ohikoaren hiru adibide dira. Bellon, Schanelec eta Fassbinder zinegile ezagunak eta sarituak dira, eta ikuslea harrituko dutela uste dugu”.

Urritik abendura arte Bellon eta Schanelec-ek hartuko dute Tabakalerako pantaila. Hilabete horietan Biarritzen sortutako zinegile bat ezagutzeko aukera izango dugu, erabateko feminista, eta gizarte gaien inguruan kezka eta ardura handiak dituena. Angela Schanelec-en kasuan, aski ezaguna bilakatu den zuzendari bat da, nazioarteko zine-jaialdietan harrera bikaina izaten ari dena. Horren adibide garbia da Berlinalen jaso zuen Zilarrezko Hartza.

Fassbinder izango da urritik ekainera arte luzatuko den atzerabegirakoaren protagonista. 35 film luze, bi film labur eta telebistarako zuzendu zituen bi telesail proiektatuko dira. Josemi Beltrán, Donostia Kulturako Zine Unitatearen arduradunak aipatu duenaren arabera, “Nosferatuk eskainiko dion zikloa Estatuan egin den osoena da. Aukera paregabea da zuzendari ezeroso hau sakontasunez ezagutzeko. Bere obra gaurkotasunez betea dagoela uste dugu”. Atzerabegirakoa sendotzeko, Fassbinder + programa antolatu da, zuzendari alemaniarrarekin modu batean edo bestean lotutako beste 17 filmekin.

Programazio guztirako bonu bakar bat

Aurten, zine erakunde guztiek urrats bat eman dute, eta zine bonu berritu bat eskainiko dute ikusleentzat. Lehen aldiz, Tabakalerako pantailan 2019-2020 ikasturtean eskainiko den programazio osoa ikusteko aukera emango du bonu berriak.

Bonoak 70 euro balioko du eta 30 film ikusteko aukera emango du. Horrez gain, argitalpen bat eskuratu ahal izango dute bonua erosten duten herritarrek. Irailaren 30etik aurrera egongo da salgai, Tabakalerako Infopuntuan eta zineko leihatilan. Bonua Tabakalera txartelarekin lotuta salduko da; Tabakalera txartela doakoa da, eta Ubik sorkuntza liburutegian egin daiteke, doan. Guztira, 100 bonu jarriko dira salgai. Ohi bezala, Donostia Kultura txartelaren erabiltzaileek % 10eko deskontua izango dute bonu eta zine-sarrerak erosteko. Langabetuek, 30 urte baina gutxiago dauzkatenek, pentsiodunek edo 65 urte baina gehiago dauzkatenek ere bai.

Víctor Iriarte, Tabakalerako zine eta ikus-entzunezko programaren arduradunak azaldu duenez, “bonua gure ikusle fidelenak saritzeko modua da eta elkarlanean prestatu dugun programazioa zeharka, bereizketarik gabe, gozatzeko aukera ematen duen tresna”. Iriartek pantailatik harago garatzen diren zenbait proiekturen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du: “Etorkizuneko zineari begira lan egiten dugu”, eta horregatik, Ikusmira Berriak, Nest Film Students edo Zinema (h)abian programak sustatzen jarraituko dutela adierazi du.

EQZEren bigarren ikasturtea eta hastear den Zinemaldia

Tabakalerako zinea formazioarekin, ikasketarekin eta analisiarekin lotutako espazioa da. Zentzu horretan, adierazgarria da oso Donostian urteko aste “zinematografikoena” dena Elías Querejeta Zine Eskolaren bigarren ikasturtearekin batera abiatu izana. Zine-aretoa da eskolaren ikasgelarik handiena, izan ere, etorkizuneko zinegileentzat guztia gela ilun horretan hasten baita. Carlos Muguiro, EQZEren zuzendariak azaldu duenaren arabera, “areto hori EQZEk zinearen hiru denborekiko -iraganeko, oraingo eta etorkizuneko zinearekiko- duen interesaren isla zuzena da. Filmekin topo egiteko lekua da hau, beraz, etengabe eraikitzen den zinearen historiarekin elkartzeko tokia. Baina, era berean, ikusleek eta aurten 17 herrialde ezberdinetatik etorri diren eskolako ikasleek topo egiteko gela ere bada. Zentzu horretan, pantaila ikasgela bat da, eta baita urte osoa hartzen duen jaialdi bat ere”.

Izan ere, Tabakalerako zine-aretoa jaialdi baten pantaila bat baita. Zabaltegi-Tabakalera sailak hemen izango du bere egoitza nagusia hirugarren urtez, eta beste sailetako film asko proiektatuko dira hemen. José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendariak azpimarratu duenez, “guztion arteko elkarlana indartzen ari gara. Bertan egiten dugu bat lehen mailako nazioarteko zine-jaialdi batek, filmategi batek, kultura garaikideari eskainitako zentro bateko zinema-taldeak, bide luzea egin duen zine unitate munizipalak eta XXI. mendeko zine eskola batek”.


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.