SAIO BEREZIAK URTE GUZTIAN ZEHAR EUSKADIKO FILMATEGIAREN 40. URTEURRENA ETA KIMUAK PROGRAMAREN 20 URTEAK OSPATZEKO

2018-04-25

Euskadiko Filmategiak bere 40. urteurrena ospatzen du 2018an, eta Kimuak euskal film laburrak sustatzeko programak, berriz, 20 urte beteko ditu aurten. 

Apirilean zehar bi urteurrenekin lotutako hainbat emanaldi antolatu ditugu, eta ospakizun ekitaldiak urte guztira hedatuko ditugu gure zinemaren ikuspegi askoz ere zabalagoa eskaintzeko, emakume zinemagileek egindako zinemari ikusgarritasun berezia emanda.

Euskadiko Filmategiak urtero eskaintzen dio atzera begirako bat euskal zinemagile bati, eta aldi berean, bere filmografiari buruzko monografiko bat argitaratu ohi du. Helena Taberna zuzendari nafarra izan da aurtengo aukeratua.

Apirilaren 26an aitorpen ekitaldi bat eskainiko diogu Peio Aldazabal Euskadiko Filmategiko sortzaileari, eta era berean, Kimuak programaren historiako film labur onenetako batzuk proiektatuko ditugu. Kimuakeko edizio desberdinetako epaimahaikideek aukeratu dituzte urteurrena ospatzeko editatu den Bluray-a osatu duten film laburrak eta hautaketa horretako sei bozkatuenak proiektatuko dira apirilaren 26an, 19:00etan, Tabakalerako 1 zinema aretoan. Gonbidapenak Punto Infon daude eskuragarri, aretoa bete arte.

Helena Taberna, atzera begirakoa eta liburua

Helena Taberna zuzendaria izango da Euskadiko Filmategiak urritik abendura bitartean antolatuko duen atzera begirakoaren protagonista. Halaber, Filmategiak urtero kaleratzen duen argitalpen monografikoaren protagonista izango da baita ere zuzendari nafarra; hala, Álex de la Iglesia, Ana Díez, Juanma Bajo Ulloa, Fernando Larruquert edo Daniel Calparsoro zinemagileei batuko zaie Helena Taberna.

Zuzendari, gidoilari eta ekoizle altsasuarra oso gaztetatik izan zen bere herriko zinema saioetako ikusle, Nafarroako Gobernuko Teknologia Berrien koordinatzaile postua lortu aurretik. Garai hartan hasi zen bere lehendabiziko lanak errodatzen: La mujer de Lot (1990), Emiliana de Zubeldia (1994) edo Alsasua 1936 (1996), besteak beste. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko zubian, Tabernak bere lan guztiak genero ikuspegitik jorratu ditu. Bere lehen film luzea izan zen eta sari ugari jaso zituen Yoyes-en (2000), bere protagonistaren arlo intimoenean murgildu zen zuzendaria. Emakume etorkinen mundua arakatu zuen Tabernak Extranjeras (2005) filmean eta Espainiako gizartearen eta politikaren bere ikuspuntua azaldu zuen. La buena nueva (2009) filmean bere familiari eman zion gainbegirada Gerra Zibilaren garaiko Nafarroa deskribatzeko. Haren osaba izan zen Marino Ayerraren bizipenak eta Altsasuko emakumeenak dira film honetan islatzen direnak. Nagore (2010) dokumentalean Tabernak hainbat baliabide zinematografiko erabili zituen genero indarkeriaren aurkako salaketa bortitza egiteko. Orain arteko bere azken film luzea Acantilado (2015) izan da eta Lucía Etxebarriaren eleberri batetan dago oinarrituta. Tabernak bere lurraldera eraman zuen istorioa; talde baten parte izatearen eta norberaren askatasunaren arteko oreka topatzeari buruzko istorioa da, bere filmografia osoan etengabeko gaia izan dena, alegia.

Carlos Roldán Larretak (Iruñea, 1965) hartu du bere gain argitalpena egiteko ardura. Oso aurreratuta dago jada eta Nafarroako Gobernuaren kolaborazioa izango du. Tabernaren lanean aditua izateaz gain, Filosofian Doktorea da egilea. Haren doktore tesia, La producción cinematográfica en el País Vasco, Madrilgo Universidad Autónoma-ko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu zuen. Cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Los vascos y el Séptimo Arte, Secundarios vascos de primera, Secundarios vascos de primera 2 eta Secundarios vascos de primera 3 liburuen egilea da, eta Auñamendi Eusko Entziklopedian erredaktore lanak ere burutu ditu. Hainbat artikulu argitaratu ditu aldizkarietan eta zenbait kapitulo ere bai lan kolektiboetan (Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian, Euskal Zinema: Zinemagileen hiru belaunaldi, Exilio y cine, eta abar).


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.