EUSKADIKO FILMATEGIAREN ZERBITZUAK BERRIRO ABIAN

2020-06-12

Liburutegiko eta funts filmikoak kontsultatzeko gelako ateak zabalik izango dituzte bertaratzen diren ikertzaile, ikasle eta ikus-entzunezko alorreko profesionalek ekainaren 15etik aurrera.

Ekainaren 15etik aurrera berriro abian jarriko ditugu funts filmiko zein bibliografikoak kontsultatzeko zerbitzuak Euskadiko Filmategian. Kontsulta horiek egiteko ordutegia astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, izango da Euskadiko Filmategiaren egoitzan (Tabakalera. Andre Zigarrogileak plaza, 1-2. solairua. 20012 Donostia). Bi zerbitzuok doakoak dira, eta ikus-entzunezko alorrari eta justifikazio akademikoa duten erabiltzaillei zuzenduta daude. Hitzordua hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik filmoteca@filmotecavasca.com helbide elektronikora idaztea.

Era berean, programazioari dagokionez, Euskadiko Filmategiak martxoan bertan behera geratu ziren bi zinema emanaldi berreskuratuko ditu uztailean. Hala, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Donostia Zinemaldia (SSIFF) erakundeekin lankidetzan antolatutako Zinema eta zientzia zikloko bi film ikusi ahal izango dira udan Tabakalerako zinean. Uztailaren 11an, 19:00etan, Despertares –Awakenings- (Penny Marshall, 1990) filmaren txanda izango da, eta José Ramón Alonso neurobiologoak ekitaldirako bereziki prestatutako aurkezpen labur bat proiektatuko da filma hasi aurretik. Era berean, uztailaren 22an (19:00etan), Ad Astra (James Gray, 2019) ikusi ahal izango da; kasu honetan, Fernando Cossío kimikaria bertaratuko da filma aurkeztera eta proiekzio ondoren ikus-entzuleekin solastera.

Euskadiko Filmategiaren jarduera, bideo batean islatuta

Euskadiko Filmategiak bere ateak berriro zabaltuko dituela baliatu nahi izan dugu, bere egunerokotasuneko jarduera bideo batean islatzeko.

Euskadiko Filmategia 1978an eratu zen eta bere sorreratik ahalegin guztiak eskaini dizkio zinema bere osotasunean (eta bereziki euskal zinema) ikertzeari, eta baita kulturalki edo historikoki duten garrantziagatik kontserbatzea merezi duen zinemari buruzko dokumentazioa eta material zinematografikoa biltzeari eta zaintzeari ere. Erakundearen oinarrizko eginkizuna filmak edota ikus-entzunezko lanak ikertzea, berreskuratzea, artxibatzea, kontserbatzea, zaharberritzea eta hedatzea da.

Erakundearen egoitza Tabakalera eraikineko bigarren solairuan dago kokatuta, Donostian. Zineman espezializatutako liburutegi bat du, 7.000 aletik gora biltzen dituena. Bestalde, erakundeak gordeta dituen funts filmikoak ikusteko aukera eskaintzen da horretarako prestatutako lau postutan. Bi zerbitzuok ikus-entzunezko bat burutzea helburu duten erabiltzaileei edota ikerlari, irakasle eta ikasleei daude zuzenduta.  

Tabakalerako 0 solairuan dago kokatuta erakundearen artxiboa. 845 metro karratuko eremua betetzen du eta gune desberdinetan banatuta dago, hala nola lan-gune bat, erakundearen funts filmikoak biltzen dituzten lau kamera hozkailu eta material ez filmikoari zuzendutako bi areto.

Hedapenari dagokionez, Euskadiko Filmategiak programazio iraunkorra abiatu zuen 2015ean; hala, proiekzioak, eztabaidak, hitzaldiak, kontzertuak eta erakusketak antolatu ditu ordutik. Bestalde, euskal zinematografiaren inguruko alderdi desberdinak jorratzen dituzten argitalpenak sustatzen ditu.

Azkenik, Euskadiko Filmategiaren ardurapean dago Kimuak egitasmoaren kudeaketa. Hogei urteko historia du dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren programak (Etxepare Euskal Institutuaren bitartez garatzen da). Ekimenaren helburua euskal film laburrak sustatu, jendaurrean eman eta banatzea da. Amaitzeko, eraikineko bigarren solairuan dagoen 2 Zinema Aretoa Euskadiko Filmategiak kudeatzen du.


Bideoen zerrendara itzuli

Zerbitzuak

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.