Agnès Vardari buruzko bi liburu argitaratu dira, Colección Nosferatu-koak

2019-05-29

Colección Nosferatu-ko bi liburu berri argitaratu dira oraintxe, Agnès Varda errealizadore frantses berriari buruzkoak, joan den martxoaren 29an 90 urte zituela zendu berritan. Bi liburuak, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak argitaratuak, Imma Merino historialari, kritikari eta irakasle katalanak idatzi ditu.

Agnès Varda: Espigadora de realidades y de ensueños Colección Nosferatu-ko 15 zenbakia dena, gaztelaniaz idatzita dago; frantses errealizadoreari buruzko saiakera bat eta harekin egindako elkarrizketa bat biltzen ditu, azken hori joan den azaroan Pariseko rue Daguerreko bere etxe gogoangarrian egindakoa.

Bigarren liburua, berriz (Agnès Varda: Errealitateen eta ameskerien buruxkari), Nosferatu Bilduma-n 7. zenbakia, Imma Merinoren liburuko lehen zatiaren, zinemagileari buruzko saiakeraren, euskarazko itzulpena da, Aritz Gorrotxategik egindakoa.

Bi liburuak, beti bezala, Agnès Vardari buruzko zikloaren bidelagun izan dira. Zikloa iazko azaroan hasi zen, eta heldu den ekainaren 5ean amaituko da. Bitarte horretan, ia bere filmografia osoa eman da.

Maiatzaren 29an, 19:00etan, Tabakalerako Zinema Aretoan, Imma Merinok bertaratutakoekin solasean arituko da bi argitalpenoi buruz eta zinemagile frantsesari buruz. Caras y lugares-en emanaldia baino lehen (2018), zinematografiako irakasle eta historialaria bertaratutakoekin solasean arituko da Agnès Vardaren figurari buruz.

Heldu den ekainaren 12an, 20:00etan, Tabakalerako Zinema Aretoan, zikloko saio berezi bat egingo da, bertan Vardak zuzendutako azken filma emango baita: Varda par Agnès (2019), azken Berlingo Zinemaldian aurkeztutakoa eta Espainian A Contracorrientek banatuko duena.Emanaldi berezi horretara, zikloko abonatu guztiak daude gonbidatuta, eta edukiera bete arte salduko dira publikoarentzako sarrerak.

Ekainaren 19an, 20:00etan ere eta Tabakalerako Zinema Aretoan, Varda par Agnès-en bigarren emanaldi bat izango da.

Sei hamarkadatan baino gehiagotan, La Pointe Courte-ekin (1954) debuta egin zuenetik Varda par Agnès-en (2019) dagoen bere zinemari buruzko eskola magistralera, Agnès Vardak zinemako irudiak sortu ditu, beti ere, bere joko-arauak sortzera eraman duen askatasunarekin. Bere garaiko gertaerekiko sentibera eta besteenganako jakin-minari eutsiz, bere zinemak testigantzaren bokazioa du, eta errealitatea inoiz harrapatu ezin delako kontzientziarekin gauzatu du, eta, edozein kasutan, subjektibitatetik erakusten duelako kontzientziarekin. Aldi berean, bere irudimenaren adierazpena da, eta, hortaz, bere rêverie-rena eta hitzjokoekiko eta irudien ustekabeko elkarketarekiko duen gustuarena. Dokumentalaren eta fikzioaren artean, haien mugak zalantzan jarriz eta urratuz, bizitzaren eta irudikapenaren artean, errealitatearen eta ameskeriaren artean, naturaltasunaren eta artifizioaren artean, ustekabearen eta lanketaren artean, Agnès Varda bide pertsonal bezain inspiratzaile batetik ibili da.


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.