Euskal ondarea pantailara

Euskadiko Filmategiak gordetzen duen ikus-entzunezko ondarea izango da martxoko programazioaren protagonista. Iaz zendu zen Pío Caro Baroja zuzendariari omenaldia eginda hasiko da hilabetea, 1971n zuzendu zuen Navarra, las cuatro estaciones filma proiektatuta, martxoaren 3an. Donostia 2016 Fundazioarekin eta San Telmo Museoarekin batera, gure artxiboan gordetzen dugun José Antonio Sistiagaren Ere erera baleibu izik subua aruaren (1968-1970) filmaren proiekzioa egingo dugu eta zuzendariak berak aurkeztuko du lana hilaren 10ean. MAQ. Generación 8mm. (2016) filma estreinatuko dugu martxoaren 17an. Iñigo Kintanak bere aitari, Miguel Ángel Quintanari, omenaldia egin dio film honekin eta, bide batez, baita 8mm.-tan eta Super-8mm.-tan filmatu zuten zinemagile amateurrei ere. Bukatzeko, hilaren 31ko emanaldia, galdutzat ematen ziren eta berriki aurkitu dituzten bi filmen ingurukoa izango da. Alde batetik, Gerra Zibilaren aurretik Euskal Herrian errodatu zen azken filma ikusi ahal izango da: Sinfonía Vasca (Adolf Trotz, 1936), Andoni Elezcano ikerlariak aurkitutakoa. Bestetik, Gure sorlekuaren bila (Josu Martinez, 2015) proiektatuko da; euskaraz egindako lehen filma aurkitzeko egindako bilaketa kontatzen du lehen pertsonan zuzendariak.

Martxoak 03 (19:00etan)

 

Navarra, las cuatro estaciones (Pío Caro Baroja, 1971). Espainia. JBES. 150’. 35mm.

 

Nafarroako kultura tradizionalaren alderdi esanguratsuenak biltzen ditu filmak: inauteriak, erromeriak, lanabes eta erreminta artisauak, nekazaritza lanak, herriko zaindariaren jaiak eta gizartearen eta landa-folklorearen hainbat erakustaldi ageri dira, urtaro desberdinen arabera egituratuta. Nafarroako gizarte tradizionalaren isla da lanaren osotasuna; izan ere, filma errodatzen hasi ziren urteetan dagoeneko desagertzen hasia zen, gizarte industrializatu baterantz joaz. Berrogei urte ondoren, prozesu hori ia bere osotasunean eman da, eta horrek filmari balio historiko bitxia erantsi dio.

* Aurkezpena: Ion López.

 

Martxoak 10 (19:00etan)

 

Ere erera baleibu izik subua aruaren (José Antonio Sistiaga, 1968-1970). Espainia. Mutua. 75’. 35mm.

 

José Antonio Sistiagak zuzendu zuen 35mm.-tako film luze hau, scopen, koloretan eta soinu gabe, zuzenean zeluloidearen gainean margotuta. Garrantzia handia dute eguzkiak, hondarrak eta hezetasunak (sormen prozesuan pelikula elementu horiekin harremanetan egon baitzen). Eskuz margotutako 108.000 fotogramez osatuta dago, eta margotutako zeluloidearen inguruan ordura arte zegoen ikuspuntua eraldatu zuen filmak.

* Aurkezpena: José Antonio Sistiaga.

* Antolaketa: DSS2016EU+STM+Euskadiko Filmategia.

 

Martxoak 17 (19:00etan)

 

MAQ. Generación 8mm. (Iñigo Kintana, 2016). Espainia. JBES. 77’. DCP.

 

ESTREINALDIA. Miguel Angel Quintanari (Lezo, 1944) bere semeak, Iñigo Kintana errealizadoreak, eskainitako omenaldia da. Bertan, euskal zinemagile amateurren belaunaldi bat islatzen da. Quintanak 22 pelikula filmatu zituen 1964 eta 1988 urteen artean. Dokumentalak bidaia kronologiko bat burutzen du bere filmografian zehar, Quintanak eta bere adiskideek egindako lana goraipatzeko. Zine amateurrean aitzindariak izan ziren, artisauak filmak errodatzeko unean. Era berean, Gipuzkoako zine amateurraren oinarriak ezarri eta hainbat zinema jaialdi abian jarri zituzten. Hala, itzuliko ez den zineko garai bat aztertzen da. Bideoaren agerpenak zinea egiteko modu bat bertan behera utzi baitzuen, teknologia ezean irudimenaren indarrean oinarritzen zena, alegia.   

* Aurkezpena: Iñigo Kintana

 

Martxoak 31 (19:00etan)

 

Sinfonía Vasca (Adolf Trotz, 1936). Espainia. Elkarrizketarik gabe. 16’. DCP.

 

 

 

Film labur dokumental hau Gerra Zibilaren aurretik Euskal Herrian errodatu zen azken pelikula izan zen. Kutsu tradizionaleko irudiak dira gehienak, baina elementu modernoren bat edo beste ere ageri da. Ez du elkarrizketarik, eta soinu bandak pieza klasikoak eta euskal folklorea nahasten ditu. Filma desagertutzat emana zen, baina Andoni Elezcano ikertzaileak 2013an Filmoteca Españolaren funtsetan aurkitu zuen. 

 

 

Gure sorlekuaren bila (Josu Martínez, 2015). Espainia. JBAES. 75’. DCP.

 

 

Hazparne, 1956. Ikusmira handiaren erdian, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental amateur bat (Gure Sor Lekua; André Madré, 1956)  estreinatu zen herriko zinema aretoan. Hurrengo hilabeteetan Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, Parisen, San Franciscon edota Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu zen eta denek ahaztu egin zuten laster. Hirurogei urte beranduago, Josu Martinez zinemagilea haren bila hasi zen eta Parisen aurkitu zuen 2013an.

* Aurkezpena: Josu Martínez

 

Salneurria

Sarrera: 3,50 €.
Tabakalerako Informazio Puntuan salgai (18:30etik aurrera leihatilara agertzen diren 25 urtez azpiko lehenedabiziko 25 gazteek doako sarrera izango dute haien NANarekin ziurtatzen badute ez dituztela oraindik 25 urteak bete).

Laburdurak

JBES: jatorrizko bertsioa gaztelaniaz.
JBAES: jatorrizko bertsioa gaztelaniara azpititulatuta. 



Lekua

Tabakalerako zinema aretoa (Emakume zigarrogileen plaza, 1. 20012 Donostia).

Antolatzailea

EUSKADIKO FILMATEGIA

* Martxoaren 10eko emanaldia (Ere erera baleibu izik subua aruaren; José Antonio Sistiaga, 1968-1970) Donostia 2016 Fundazioarekin eta San Telmo Museoarekin elkarlanean antolatu da. 

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.