NOSFERATU 2017-2018: "Etorkizun inperfektua(k). Distopia eta zinea".

 

Distopia terminoak –politikari eta ekonomista britainiar John Stuart Mill-ek 1968an sortua– fikzio bat ematen digu aditzera. Fikzio horrek xehetasunez deskribatzen du gizarte futurista bat, zitala berez, non aurrerabide sozialean, teknologikoan, moralean jarria dugun sinesmena zeharo suntsituko baituten era guztietako gehiegikeriek eta abusuek, aurrerapena lortu nahian aurrera eramandakoek… Hala eta guztiz ere, fikzio distopikoak ez dira bakarrik beren egileen irudimenak sortuak: deskribatzen dizuten izugarrikerien etorkizuna oraingoak eta egiazkoak diren ideiak edo arazoak denboran estrapolatzean datza, eta beraz, gure oraina ikuspegi kritiko batez aztertzeko balio digute.

H.G. Wells, George Orwell, Aldous Huxley, Karel Capek edo J.G. Ballard bezalako idazleen legatutik abiatuta, ahalmen handiko diskurtso distopikoa eraiki du zineak artearen arloan izan zituen hastapenetatik oso gai polemikoei heltzean: autoritarismo politikoa, desberdintasun sozialak, autokrazia ekonomikoa, teknologiak giza bizitzan duen eragina, kulturaren degradazioa, sentimenduen galera, beldurra gerra nuklearrari, ingurumenaren narriadurari, indarkeriari menderatze ideologikorako tresnatzat… Ahalmen handiko diskurtso bisual batez baliatu diren filmen unibertso trinko eta erakargarri honetatik itzal handiko zinemagile ugari igaro izan dira, haien artean, Fritz Lang, Ridley Scott, Stanley Kubrick, Jean-Luc Godard, Franklin J. Schaffner, Paul Verhoeven, Richard Fleischer, George Miller, George A. Romero, Oliver Assayas edo Terry Gilliam, batzuk aipatzearren.

2017 / Azaroa / 08 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

PLANET OF THE APES -EL PLANETA DE LOS SIMIOS- (Franklin J. Schaffner, 1968). AEB. JBAES. 112'.

 

 

Bidaia espazial luze baten ondoren Lurrera bueltan datozen lau astronautaren ontziak planeta ezezagun bat jo du hibernatzen ari ziren bitartean. Laster jabetuko dira tximinoek menderatuta duen mundu bat dela, eta esklabotzat dituztela gizakiak, hitz egiteko gaitasuna galdua dutenak. Pierre Boulle-ren nobela homonimotik abiatuta, film honek indarrean dirauen saga bati eman zion hasiera: bost titulu jatorrizko sailean (TBko sail batez gain), Tim Burtonen remake bat eta beste multzo bat 3 prekuelak osatua, azkena 2017an estreinatua.

 

 

2017 / Azaroa / 15 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

L'ATLANTIDE -LA ATLÁNTIDA- (Jacques Feyder, 1921). Frantzia-Belgika. JBAES. 163'.

 

 

Garaiko superprodukzio honek Pierre Benoit-en nobela homonimoa egokitu zuen: 1919an argitaratu zenean izan zuen arrakasta handiak bultzatuta egin zuen Feyderrek film monumental hau (iturri batzuen arabera 212 minutu irauten zuen estreinatu zenean). Saint-Avit tenientea hilzorian aurkitu dute Saharako basamortuan. Morhange kapitainarekin batera sartu zen basamortuan barrena, eta berak hil zuela dio. Elkarrekin batera, mapetan ageri ez den mundu bat topatu omen zuten –Atlantida mitikoa izan litekeena– Antinea erregina despota eta gupidagabeak gobernatutako lekua.

 

 

2017 / Azaroa / 22

 

18:30 // SOLASALDIA [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

 

LITERAKTUM JAIALDIA 

SOLASALDIA / HEMEN DA DISTOPIA

Hizlaria: Belén Gopegui

Elkarrizketatzailea: Zigor Etxebeste.

Lekua: Tabakalerako 1 zinema aretoa (Emakume Zigarrogileen plaza, 1-1. solairua. 20012 Donostia).

Sarrera: doan, aretoa bete arte.

Antolatzailea: Literaktum.

Kolaboratzaileak: Donostia KulturaEuskadiko Filmategia etaTabakalera.

 

20:00 // PROIEKZIOA [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 


METROPOLIS -METRÓPOLIS- (Fritz Lang, 1926). Alemania. JBAES. 146'.

Garai guztietako fantasiazko zinemaren klasiko handietako bat eta distopia famatuetako bat, Fritz Langzek eta Thea von Harbouk zuzendua. Metropolisen, klase aberatsak, gizartea kontrolatzen dutenak, gozatu egiten dute bizitza lurrazaleko beren etxe handietan; langileak, ordea, pilatuta bizi dira lurpean, txanda amaigabeetan etengabe lanean. Baina egun batean, aberatsetako baten semea gazte xume batez maiteminduko da.

 

 

2017 / Azaroa / 29 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

THINGS TO COME (William Cameron Menzies, 1936). Erresuma Batua. JBAEU. 97'.

 

 

H. G. Wellsek idatzia da garaiko superprodukzio antibelizista eta humanista honen gidoia, bere nobela batetik eta beste idatzi batzuetatik abiatuta. 1940ko Gabonetan hasten da filma, Everytown fikziozko hirian, beste mundu gerra bat hastear dagoenean, hogeita hamar bat urtez kaosean eta suntsipenean murgilduko duena mundua. 70eko urteetan, populazioaren erdiaren galera ekarri zuen gatazka global baten zaurietatik osatzen saiatzen ari da planeta. Wellsek oso bestelako etorkizuna imajinatu zuen 2036rako.

 

 

2017 / Abendua / 13 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

LA JETÉE (Chris Marker, 1962). Frantzia. JBAES. 29'.

 

 

 

Gizon baten istorioa da hau, bere haurtzaroko irudi batek markatu duen gizon batena. Eszena, bere indarkeriagatik nahasiko zuena eta askoz ere beranduago ulertu ahal izango zuena, Orlyko kaian gertatu zen Hirugarren Mundu Gerra hasi aurreko urteetan. Chris Markerren photo-roman bat dugu hau.

 

 

 

ANIMAL FARM -REBELIÓN EN LA GRANJA- (John Halas, Joy Batchelor, 1954). Erresuma Batua. JBAES. 72'.

 

 

50eko urteetako Ingalaterran, Manor Abeletxeko animaliak, Jones jaunak eta haren gizonek eman ohi dieten tratu txarragatik nazkatuta, matxinatzea eta jabetzaren kargu egitea erabakiko dute. Hala, Animalia Abeletxea izena hartuko du orain. Haien grina, ordea, zapuztu egingo da txerriek, Napoleon tiranoa buru dela, iraultza kontrolpean hartu eta erregimen diktatorial bat ezartzen dutenean. Boltxebikeen iraultzari buruzko George Orwellen satira politiko famatua zinemara eramana.

 

 

2018 / Urtarrila / 10 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

PASSPORT TO PIMLICO -PASAPORTE PARA PIMLICO- (Henry Cornelius, 1949). Erresuma Batua. JBAES. 84'.

 

 

Londresen, Pimlico distrituan, Bigarren Mundu Gerraz geroztik lurpean egon den bonba batek ezustean eztanda egin ondoren, auzokoek dokumentu zahar bat aurkitu dute. Bertan ziurtatzen denez Borgonia frantsesari dagokio auzoa mendetan zehar. Aurkikuntza harrigarri horrek eragingo du Pimlicoko biztanleek Erresuma Batutik euren independentzia aldarrikatzea. Ealing ekoiztetxearen komedia ospetsu eta dibertigarrienetako bat.

 

 

2018 / Urtarrila / 17 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

LE PROCÈS -EL PROCESO- (Orson Welles, 1962). Frantzia-Italia-RFA. JBAES. 118'.

 

 

 

Goiz batean, bi polizia Josef K.ren etxean indarka sartu eta esnarazi egin dute. Laster epaiketa batera joan behar izango duela jakinarazi diote, baina ez diote esango zertaz akusatzen duten. Bere delitua zein izan den ikertu eta bere errugabetasuna defendatzearren, hurrengo orduetan amesgaizto burokratiko eta zentzugabe “kafkiar” batean murgilduko da, inora eramango ez duen batean, antza. Orson Wellesek egokitutako Franz Kafkaren hilondoko nobela, duela ia ehun urte argitaratua.

 

 

2018 / Urtarrila / 24 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

LORD OF THE FLIES (Peter Brook, 1963). Erresuma Batua. JBAEU. 91'.

 

 

 

Bigarren Mundu Gerran zehar, haur britainiarrak daramatzan hegazkin bat ozeanoaren gainera eraitsi dute. Zibilizaziotik erabat bakartuta dagoen uharte batera erori da hegazkina. Bertan, heldu bakar bat ere ez da bizirik irtengo eta, beraz, muturreko zirkunstantzietan euren kasa bizirauten saiatu behar izango dute haurrek. Itzal handiko Peter Brook dramaturgo britainiarrak zinemara eraman zuen William Golding Nobel saridunaren nobela ezagunena.

 

 

2018 / Urtarrila / 31 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

ALPHAVILLE, UNE ÉTRANGE AVENTURE DE LEMMY CAUTION -LEMMY CONTRA ALPHAVILLE- (Jean-Luc Godard, 1965). Frantzia-Italia. JBAES. 99'.

 

 

Lemmy Caution agente sekretua, bere burua Ivan Johnson kazetaritzat aurkeztuta, Alphaville hiri interplanetario futuristara heldu da bere aurretik iritsi eta desagertu ziren agenteei zer gertatu ote zitzaien jakin nahian eta leku horretako liderrarekin elkarrizketatzeko asmotan: Von Braun profesorea, bertako biztanleen bizitza kontrolatzen duen Alpha 60 izeneko makinaren sortzailea. Godarden fabula futurista, Lemmy Caution pertsonaiari berriro heltzen diona, Eddie Constantinek B saileko zenbait pelikulatan lehendik ere antzeztua.

 

 

2018 / Otsaila / 07 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

FAHRENHEIT 451 (François Truffaut, 1966). Erresuma Batua. JBAES. 113'.

 

 

 

Truffautek nazioarteko zinemara salto egin zuen Ray Bradburyren nobela klasikoa moldatuz. Beharbada dagoeneko lehenaldia den etorkizun batean, gobernu autoritario batek debekatu egin ditu liburuak, gutako bakoitzarengan eragin txarra izan dezaketelako, lanaldiaren ondoren agintariek guk ikustea nahi duten irudiak pantaila handi batean ikustea izanik baliagarri den aisialdiko jarduera bakarra. Suhiltzaileak arituko dira aurkitzen dituzten liburu guztian erretzen.

 

 

2018 / Otsaila / 21 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

THX 1138 (George Lucas, 1971). AEB. JBAES. 88'.

 

 

 

George Lucasek etorkizun atsekabegarri batean girotzen du bere opera prima, Francis Ford Coppolak ekoiztua. Etorkizun horretan lurpean bizi dira gizakiak gizarte totalitario batean. Estatuak bere agindupean ditu biztanleak, alienatu eta beren bulkadak kontrolatzen dituzten drogen bitartez. Han, debekatuta daude maitasuna bezalako sentimenduak. THX 1138 langileak, ordea, ezarritako botereari aurre egitea lortuko du azkenean, eta kartzelatu egingo dute legea urratzeagatik.

 

 

2018 / Martxoa / 07 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

Z.P.G.-Zero Population Growth (Michael Campus, 1972). AEB. JBAEU. 95'.

 

 

XXI. mendean, planetako gainpopulazioari aurka egiteko eta suntsitu ez dadin saihesteko, mundu osoko gobernuak akordio batera iritsi dira: hurrengo hogeita hamar urteetan seme-alabak izatea debekatzen duen dekretu bat aldarrikatzea. Gainera, heriotza izango da legea urratzeagatik ezarritako zigorra. Hala, panpina elektroniko batzuk fabrikatzeari ekin diote. Hitz egiteko gai diren eta haurtzaroari lotutako gaixotasunak jasateko programatuta dauden panpinak dira, eta bikoteei saltzen zaizkie ordezko gisa. Gizon batek eta emakume batek, ordea, legeari desafio egitea erabakiko dute.

 

 

2018 / Martxoa / 14 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

SOYLENT GREEN -CUANDO EL DESTINO NOS ALCANCE- (Richard Fleischer, 1973). AEB. JBAES. 93'.

 

 

Industrializazioak, kutsadurak eta berotze globalak eragin dute 2022. urtean hiriak gizatasunik gabeko leku bilakatzea; erasoa nagusi diren hiriak, non jendea ahal duen moduan bizirauten ahalegintzen baiten. New Yorken 40 milioi pertsona bizi dira. Elite batek gobernatzen du hiria, eta haiek bakarrik eros ditzakete barazkiak edo haragia bezalako jakiak. Gainerakoak pilatuta bizi dira, ia ez dute urik eskura eta produktu prozesatu baten bi barietatez bakarrik elikatu daitezke: Soylent gorria eta Soylent horia.

 

 

2018 / Martxoa / 21 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

SLEEPER -EL DORMILÓN- (Woody Allen, 1973). AEB. JBAES. 88'.

 

 

Miles Monroe, klarinetista eta janari osasuntsua saltzen duten denda baten jabea, amigdaletako ebakuntza egitera joan eta hutsegite batengatik 200 urtez hibernatuta egon da. 2174. urtean esnatuko da gizarte totalitario batean, bertako biztanleak zertan ari diren etengabe behatzen obsesionatuta. Errebel talde bat matxinada batean Milesez baliatzen saiatuko da, mundua gobernatzen duen diktadorea akabatzearren. Woody Allenek zuzendu eta protagonizatutako laugarren komedia.

 

 

2018 / Apirila / 11 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

LA DECIMA VITTIMA (Elio Petri, 1965). Italia-Frantzia. JBAEU. 92'.

 

 

Etorkizuneko mundu batean onartu egiten da legez gizakien ehiza, eta ohiko praktika bat da. Gizon eta emakumeek “Ehizaldia” deritzan horretan parte hartzen dute non, lehenik eta behin, ehiztari izan behar baituten. Akabatu beharko duten biktima bat esleitzen zaie. Proba gaindituz gero, biktima bihurtzen dira hurrengo jokaldian. Hala, txandakatzen doaz azken xedea lortzen saiatu arte: hamar pertsona hiltzea eta aparteko Hamarrenen Klubean sartzea.

 

 

2018 / Apirila / 18 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

LA FUGA DE LOGAN (Michael Anderson, 1976). AEB. JBAES. 120'.

 

 

2274. urtean, giza populazioa ia osorik suntsitu zuen hondamendi ikaragarri bat gainditu eta gero, kupula baten pean bizi dira bizirik irtendakoak, denbora gehiena bizitzako plazeretara emanak. Hala eta guztiz ere, 30 urte betetzen dituztenean hil beharra dute biztanle kopurua berdintsu mantendu dadin. Ezarpen horri uko egiten diotenez askok, agente berezi batzuk arduratuko dira haiek atzitu eta hiltzeaz. Logan da haietako bat. Garaiko oso telesail famatu batek film honetan du bere sorburua.

 

 

2018/ Maiatza / 02 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

MAD MAX -MAD MAX: SALVAJES DE AUTOPISTA- (George Miller, 1979). Australia. JBAES. 93'.

 

 

Etorkizun postnuklear batean, Max Rockatansky polizia bat da, autopista bat zaintzeaz arduratzen dena. Hala, aurre egin behar izango dio izua zabalduz herrialdeko errepide hautseztatu batetik dabilen gaizkile talde bati. Jazarpenetako batean, taldeburua hilko du Maxek. Hala, mendeku bila, jazarri egingo dute gainerakoek. Garaiko ekintza generoko film entzutetsuenetako bat, Mel Gibson izar bihurtu zuena, eta XXI. mendean argitara berriro atera den saga baten sorburua.

 

 

2018 / Maiatza / 09 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

1984 (Michael Radford, 1984). Erresuma Batua. JBAEU. 106'.

 

 

Etorkizuna, 1984. urtea. Ozeania totalitarioko hiri batean, Londresen, Anaia Handia delakoak bere kontrolpean du bertako biztanle guztien bizitza, eta eskubide gehienak kendu dizkie haiei. Winston Smith da George Orwellen betiereko nobelatik abiatzen den film honen protagonista. Egun batean, debekatuta dagoen maitasuna probatuko du Smithek eta ordutik aurrera amesgaizto bat izango da bere bizitza. Izan ere, Maitasunaren Ministerioa delakoaren agintariei egin behar izango die aurre.

 

 

2018 / Maiatza / 16 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

THEY LIVE -ESTÁN VIVOS- (John Carpenter, 1988). AEB. JBAES. 93'.

 

 

Nada, wrestling borrokalari ohi Roddy Piper-ek antzeztua, izenak dioen bezala, galtzaile bat da, zoritxarreko gizon bat. Baina egun batean betaurreko batzuk aurkituko ditu ustekabean. Haiek jantzita daramatzala konturatuko da hiriko kaleetatik eta gizartean garrantzizko karguak betez estralurtar batzuk dabiltzala gizaki trabestituta, Lurreko biztanleak esklabo bihurtu nahian. Fabula politikoa, fantasiazko generoko film itxurarekin, John Carpenterrek zuzendua.

 

 

2018 / Maiatza / 23 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

THE HANDMAID'S TALE -EL CUENTO DE LA DONCELLA- (Volker Schlöndorff, 1990). AEB-Alemania. JBAES. 109'.

 

 

Gilead Errepublika oso urrun ez dagoen etorkizun batean ezarri den gizarte diktatorial batek osatua da, eta antzuak dira bertako emakume gehienak. Gutxi batzuek bakarrik, “dontzeilak” direlakoek, izan ditzakete seme-alabak. Tunika gorriez janzten dira eta nazioko buruzagien ohelagun izatera behartuta daude haiei seme-alabak emateko. Bere familiarekin ihes egiten saiatu ondoren, Fred komandantearen etxera bidali dute Kate. Harold Pinterrek eta Volker Schlöndorffek eraman zuten aurreneko aldiz pantaila handira Margaret Atwood idazle kanadarraren nobela. Arrakasta handia izan du duela gutxi telesailera egokitua izan denean.

 

 

2018 / Maiatza / 30 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

KOKAKU KIDOTAI -GHOST IN THE SHELL- (Mamoru Oshii, 1995). Japonia. JBAEU. 83'.

 

 

2029. urtea. Gizakiak cyborgekin batera bizi dira. Roboten industria izugarri garatu da eta ia mundu guztiak darama bere soinean protesi sintetikoren bat. Motoko Kusanagi maiorrak, 9 Saileko agenteak, gaizkile zibernetiko arriskutsu bat atzitzea du misiotzat. Zenbaiten arimak aldarazten ari da hura, haiek kontrolatu eta krimen sail bat burutzeko. Mamoru Oshii-k zuzendu duen Masamune Shirow-ren manga ezagunaren aurreneko egokitzapen honek hainbat bertsio eta jarraipen izan ditu.

 

 

2018 / Ekaina / 06 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

THE MATRIX -MATRIX- (Lana Wachowski, Lilly Wachowski, 1999). AEB. JBAES. 136'.

 

 

Zientzia fikzio garaikidearen film nagusietako bat den honen itzala gaurdaino iritsi zaigu. Thomas Anderson programatzaile informatiko bat da. Enpresa handi batean egiten du lan eta gauez Neo izeneko hacker bihurtzen da. Bere bizitza zeharo aldatuko da Trinity eta Morfeo ezagutzen dituenean. Matrixen barneratuko dute haiek. Mundua ez da itxuraz ematen duena.

 

 

 

2018 / Ekaina / 13 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

LE TEMPS DU LOUP -EL TIEMPO DEL LOBO- (Michael Haneke, 2003). Frantzia-Austria-Alemania. JBAES. 113'.

 

 

Etorkizun zehaztugabe batean eta zehaztu gabeko leku batean, erdi mailako klaseko familia bat (aita, ama, alaba eta semea), hirian gertatutako hondamendi batetik ihesi, beren landetxera iritsi dira babes bila. Baina arrotz batzuk topatuko dituzte bertan. Hil egingo dute aita eta, ondoren, alde egitera behartuko dituzte gainerakoak. Hala hasiko dute noraezerako bidaia bat, antza munduaren jabe egin diren kaosaren eta hondamenaren erdian.

 

 

2018 / Ekaina / 20 (20:00) [Tabakalera>1 zinema aretoa]

 

CHILDREN OF MEN -HIJOS DE LOS HOMBRES- (Alfonso Cuarón, 2006). Erresuma Batua-AEB. JBAES. 105'.

 

 

2027. urtean, erabateko antzutasunak iraundako bi hamarkadaren ondoren, galzorian da gizakia. Hil berri da Lurrean den pertsonarik gazteena, hemezortzi urteko mutil bat, eta kaosa da orain nagusi planetan. Egoera horren aurrean ilusioa galdua duen aktibista ohi britainiar bat kontratatu dute emakume bat babesteko: gizadiaren salbazioaren giltzarria, munduko pertsonarik baliotsuena…

 

 

 

Salneurria

Sarrera: 3,50 €.
Abonamendua: 55 € (emanaldi guztiak eta bi liburu barne).
*Salgai: Tabakalerako Informazio Puntuan eta leihatilan (emanaldia baino ordu erdi lehenago). 
*Deskontua: %10eko deskontua sarrerak eta abonamenduak erosteko orduan Donostia Kulturako bazkideentzat.

Laburdurak

JBAES: jatorrizko bertsioa gaztelaniara azpititulatuta.
JBAEU: jatorrizko bertsioa euskarara azpititulatuta.

 

 

 

Lekua

Tabakalera>1 zinema aretoa
Emakume Zigarrogileen plaza, 1-1. solairua
20012 Donostia 

Antolakuntza

DONOSTIA KULTURA
EUSKADIKO FILMATEGIA

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.