EUSKADIKO FILMATEGIAK ETA DONOSTIA INTERNATIONAL PHYSICS CENTER-EK ZINEMA ETA ZIENTZIARI BURUZKO ZIKLOAREN BIGARREN EDIZIOA AURKEZTU DUTE: EZEZAGUNA

2019-01-16

- Zinema erakustaldiaren bigarren edizioa lehendabizikoz ospatuko da Bilboko Arte Ederren Museoan; izan ere, Euskadiko Filmategiaren egoitza egonkorra da pinakoteka 2018ko urriaz geroztik, Donostiako Tabakalerarekin batera.

- Emanaldiek aurkezpena eta solasaldia izango dituzte, izen handiko zientzialarien eskutik.

- Aurtengo edizioa hainbat berritasunekin dator: Bang Bang Zinema ekimena, ikusleen kontsumo ohitura berrien inguruko mahai-ingurua eta zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi.

Euskadiko Filmategiak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) EZEZAGUNA: ZINEMA ETA ZIENTZIA zikloa aurkeztu dute gaur. Egitasmoa 2019ko urtarriletik martxora ospatuko da Bilboko Arte Ederren Museoan eta Tabakaleran (Donostia). Lau erakundeetako arduradun nagusiek ekimenaren bigarren edizioko xehetasunak iragarri dituzte gaur. Aurten, zientzia fikziozko 12 film proiektatuko dira, eta saio guztietan, izen handiko zientzialari bat arduratuko da filma aurkezteaz eta proiekzio ondorengo solasaldia gidatzeaz. Gonbidatuak honako erakundeetatik etorriko dira: Centro de Biología Molecular Severo Ochoa CSIC-UAM, Materialen Fisika Zentroa CSIC-UPV/EHU, Donostia International Physics Center (DIPC), Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea edota Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Era berean, ikusleen kontsumo ohitura berriak aztertuko dituen mahai-ingurua eta zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi antolatu dira. Gainera, emanaldi bikoitz berezi bati ere lekua egin zaio: Bang Bang Zinema. Egitasmo hau estrainekoz ospatuko da Bizkaiko hiriburuan.    

Euskadiko Filmategiak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) 2018ko urtarriletik martxora antolatu zuten elkarlanean zinema eta zientziari buruzko lehendabiziko zikloa. HOR KANPOAN: ZINEMA ETA ZIENTZIA egitasmoak lortutako harrera onak (3.000 ikusle gerturatu ziren proiekzioetara) 2019an esperientzia errepikatzera bultzatu gintuen bi erakundeak. Aurtengo edizioan, ordea, beste ikusmira batzuk ere badakartzagu: abenturarena eta espazioaren esplorazioarena ez ezik (First Man, Salyut-7 eta Martetarra), hor daude adimen artifizialaren erronkak ere (2001: A Space Odyssey, A.I. Artificial Intelligence, Ex Machina, Blade Runner eta Blade Runner 2049), begirada mikroskopikoa eta teleskopikoa (Fantastic Voyage eta Gizon harrigrriro txikiagotua), genero-ikuspegia (Figura ezkutuak) eta “gene” hitzak zikloari dakarkion ardatz iraultzailea (Annihilation). Emanaldiak Bilboko Arte Ederren Museoko auditoriumean eta Donostiako Tabakalerako 1 zinema aretoan izango dira.

Aurtengo edizioko berritasunak

2019ko edizioak hainbat nobedade dakartza. Alde batetik, Bang Bang Zinema egitasmoaren baitan, Blade Runner eta Blade Runner 2049 filmen emanaldi bikoitza izango da, bangbangeroen ohiko ezustekoz beteta. Ekimen hau lehendabiziko aldiz ospatuko da Bilbon. Beste alde batetik, Annihilation filmaren proiekzioaren aurretik, ikusleen kontsumo ohitura berriak aztertuko dituen mahai-ingurua antolatu da Donostian, Internet y cine, ¿aliados o enemigos? Influencia de las plataformas online en la industria cinematográfica izenburupean. Jarduera hori El Contraplano kolektibo donostiarrarekin lankidetzan antolatua izan da. Eta azkenik, bost hitzaldik komunitate zientifikoaren azken aurrerapausoetara gerturatuko gaituzte, honako zientzialarien eskutik: Ginés Morata (Centro de Biología Molecular Severo Ochoa CSIC-UAM), Humberto Bustince (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Aran Garcia-Lekue (Donostia International Physics Center-DIPC), Ana Zubiaga (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Raúl Angulo (Donostia International Physics Center-DIPC). Solasaldi horiek Tabakaleran, Donostian, eta Bidebarrietako Liburutegi Nagusian, Bilbon, izango dira. Egitasmoan bidelagun izan ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedra, Bidebarrietako Liburutegi Nagusia eta Kutxa Fundazioa.

Zinema emanaldietarako sarrera 3,50 euro kostako da. Bilbon, museoko leihatilan edota www.museobilbao.com web orrian erosi daitezke sarrerak; 2 euroko balioa izango dute Museoaren Lagunentzat eta doan izango dira 25 urtetik beherakoentzat (museoko leihatilan jaso behar dira sarrerak). Donostian, Tabakalerako Informazio Puntuan eta https://ticket.kutxabank.es/tabakalera web orrian egongo dira salgai, eta %10eko deskontua izango dute Tabakalera edota Donostia Kultura txartelak dituzten ikusleek. Bi emanaldi berezi aurreikusi dira ziklo honetan: Bang Bang Zinema eta Annihilation. Lehena emanaldi bikoitza izango da, eta 7 euro kostako da Bilbon, eta 14 euro Donostian (noodleak eta edaria emango baitzaizkie ikusleei). Annihilation filmaren emanaldia, berriz, doan izango da bi hiriburuetan, Netflix-i esker. Azkenik, mahai-ingururako eta hitzaldietarako sarrera doan izango da, aretoa bete arte.


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.