Euskadiko Filmategiak Yannick Bellon zinemagileari buruzko argitalpena eta atzera begirakoa aurkeztu ditu

2019-10-03

Zikloa urritik abendura izango da Tabakaleran (Donostia) eta Bilboko Arte Ederren Museoan. Liburua salgai dago jada liburu-dendetan eta erakundearen web orrian.

Euskadiko Filmategiak Yannick Bellon zinemagile biarriztarrari buruzko argitalpena eta atzera begirakoa aurkeztu ditu gaur goizean izandako prentsaurreko batean. Eric Le Roy-k (Frantziako CNC Zinema eta Irudi Bizidunen Zentro Nazionaleko Bildumetarako Sarbide, Balorizazio eta Aberaste zerbitzuburua) idatzi eta Luisa Etxenike idazleak gaztelaniara itzulitako liburua Yannick Bellon. La mirada de frente izenburupean argitaratu da. Euskadiko Filmategiaren Euskal Zinemagileak bildumako lan berria da. 19 €-ko salneurria izango du eta dagoeneko salgai dago liburu-dendetan eta erakundearen web orrian (www.filmotecavasca.com).

Euskadiko Filmategiak 2015ean programazio egonkor bat martxan jarri zuenetik, irmo eutsi dio urtero euskal zinemagile bati buruzko argitalpen monografiko bat kaleratzeko eta urritik abendura bitartean atzera begirako ziklo bat eskaintzeko asmoari: Víctor Erice, Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro eta Helena Taberna izan dira azken urteetako protagonistak. Aurten, Yannick Bellon dugu protagonista. 1924ko apirilaren 6an jaio zen Biarritzen eta 2019ko ekainaren 2an hil zen Parisen. Denise Bellon joan den mendeko frantziar argazkilari esanguratsuenetako baten eta politikoki konprometitutako magistratu baten alaba izan zen. Denise Bellon mugimendu surrealistarekin aritu zen, Alliance-Photo agentziaren sortzaileetako bat izan zen, eta espiritu bidaiari eta humanista aparta erakutsi zuen bere lanen bidez.  Yannick Bellonen haurtzaroa eta nerabezaroa Euskal Herriari hertsiki lotuak egon ziren.

Liburuak hutsune historiografiko nabarmen bat beteko du, Frantzian bertan ere ez baitago Biarritzeko zuzendariari buruzko monografia bakar bat ere. Argitalpenak denboran bat egingo du Euskadiko Filmategiak errealizadoreari urria eta abendua bitartean Tabakaleran (Donostia) eta Bilboko Arte Ederren Museoan eskainiko dion atzera begirakoarekin. Hala, zinemagilearen filmografia osoa aurreneko aldiz erakutsiko da bere jaiolekuan. Zikloa urriaren 4an abiatuko da Gipuzkoako hiriburuan eta urriaren 5ean Bilbon. Lehendabiziko emanaldia bikoitza izango da: 19:00etan, Eric Le Roy-k (liburuaren egilea) eta Luisa Etxenikek (liburuaren itzultzailea) mahai-inguru batean parte hartuko dute, Joxean Fernandezek (Euskadiko Filmategiko zuzendaria) moderatuta; 20:00etan, berriz, zinemagileak zuzendutako lehendabiziko film luzea (Quelque part quelqu’un) proiektatuko da. Mahai-ingururako sarrera doan izango da, aretoa bete arte. Ondorengo proiekziorako sarrera, aldiz, ohiko saltokietan egongo da salgai.

Zazpi hamarkadako ibilbidea

Hogeita lau urterekin bere lehenengo film laburra egin zuen, Goémons (1948), eta Sari Nagusia jaso zuen Veneziako Biurtekoan. Bretainiako uharte batean egina dago, ausardiaz eta berezko estiloarekin, eta Buñuelen Las Hurdes eta Flahertyren Man of Aran filmen zertzeladak ditu. Handik bi urtera, Colette idazlearen etxean, naturaltasun eta sakontasun handiko film ertain bat egin zuen.  Gerraren izugarrikerien inguruko gogoetak jaso zituen Varsovie, quand même filmean, ahulenen alde egin zuen Simone Signoret-ekin batera Un matin comme les autres-en, eta Claude Roy-k idatzitako ipuin bat, itxuraz haurrentzakoa, zinemaratu zuen: Zaa, petit chameau blanc. Muntatzaile-lanetan eta telebistan aritu zen zenbait urtez, eta gero bere produkzio-etxea sortu zuen (Les films de l’équinoxe); hala, 1972an bere lehenengo film luzea zuzendu zuen: Quelque part quelqu’un, aldaketa betean ari zen Parisen gaineko begirada poetikoa da, eta Henry Magnan senarrari, zeinak bere buruaz beste egin baitzuen, egindako omenaldi hunkigarria. 1974an, Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. La Femme de Jean filmarekin, emakumeen askatasunaren eta emantzipazioaren aldeko alegatua. Sari hori lortu duen Euskal Herrian jaiotako zuzendari bakarra da. Yannick Bellon feministak gizarteari buruzko zituen kezka sakonak erakutsi zituen hurrengo filmetan: denbora eta oroimena Jamais plus toujours-en, bortxaketa L’Amour violé-n, bularreko minbizia L’Amour nu filmean, artea bazterkeria gainditzeko baliabide gisa Les Enfants du désordre filmean, bisexualitatea La Triche-en eta ekologia L’Affût filmean. 2001ean, Chris Marker handiarekin batera, ama omendu nahi izan zuen Le Souvenir d’un avenir filmarekin. Yannick Bellonek 2018an zuzendu zuen bere azken lana (D’où vient cet air lointain?), eta, hala, talentu handiko zazpi hamarkada osatu zituen zinemagintzan.

Emanaldi berezia

Donostiako Sustapenak, Donostia International Physics Center-ek eta Euskadiko Filmategiak saio berezi bat antolatu dute. Apollo 11 (2019) Todd Douglas Miller-ek zuzendutako film txalotua ikusi ahal izango da urriaren 31n, 19:00etan, Tabakaleran (Donostia) eta azaroaren 2an, 19:00etan, Bilboko Arte Ederren Museoan.


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.