Euskadiko Filmategiak Claude Lanzmann omenduko du

2018-07-10

Datorren ostegunean, uztailak 12, Euskadiko Filmategiak Claude Lanzmann zinemagilea omenduko du El último de los injustos (2013) filma proiektatuta. Luisa Etxenike idazleak aurkeztuko du ekitaldia.

(Tabakalera, 1 zinema aretoa; 17:00etan; JBAES)

Claude Lanzmann uztailaren 5ean zendu zen Parisen, 92 urterekin. Frantziako XX. mendeko bizimodu intelektualeko pertsonaia esanguratsuenetako bat izan da. Hark idazle eta kazetari gisa egindako lana askotan nabarmendu izan dute, eta Shoah (1985) berak zuzendutako film erraldoia utzi du ondare nagusi gisa. Hamaika urte igaro zituen filma prestatzen eta 350 bat ordu errodatu zituen, guztira ia 10 orduko filma osatuta. Emaitzak ez zuen ez artxiboko, ez fikziozko irudirik, ezta musika eranskinik ere; hala, apustu formal erradikala egin zuen, bizirik atera ziren juduen testigantzak, lekuko poloniarren edota ezkutuko kamerarekin grabatutako borrero nazien irudiekin tartekatuta.   

Filmak izandako oihartzunak bultzatuta, izugarrizko balio historikoa du, Lanzmannek material hura antzeko helburua zuten beste proiektu zinematografiko batzuetan ere erabiltzea erabaki zuen: Alguien vivo pasa,  (1997), Sobibór, 14 de octubre, 16 horas (2001), El informe Karski (2010) eta baita ere ostegun honetan proiektatuko dugun El último de los injustos (2013). Film horretan, Lanzmannek Benjamin Murmelsteini 1975ean Erroman Shoah filmerako egindako elkarrizketa luzearen zatiak ageri dira.   

Theresienstad kontzentrazio-esparruko Kontseilu Juduko azken presidentea izan zen Murmelstein eta Eichmannen agindupean egon zen. Haren jokabidea oso eztabaidagarria izan zen; ondorioz, Bigarren Mundu Gerrako juduen kolaborazionismoaren inguruko galdera Lanzmannen filmografian txertatzen du.

Emanaldiak 3 ordu eta 38 minutu iraungo ditu. Luisa Etxenike idazlea, Lanzmannen lanean aditua izateaz gain,  Un vivant qui passe (1997) itzuli zuen gaztelaniara, arduratuko da proiekzioaren ondorengo solasaldiaz.


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.