EUSKADIKO FILMATEGIAK LIBURU BAT ETA ATZERA BEGIRAKO ZIKLO BAT ESKAINIKO DIZKIO YANNICK BELLON ZUZENDARIARI

2019-03-25

Yannick Bellon (Biarritz, 1924) zinemagilea izango da Euskadiko Filmategiak aurtengo urritik abendura bitartean eskainiko duen atzera begirako zikloko protagonista, eta hari buruzko liburu bat ere argitaratuko du erakundeak. XX. mendean Euskal Herrian jaiotako zinemagileen artean Bellon da, zalantzarik gabe, ibilbiderik garrantzitsuena izan duena, eta aurreneko aldiz ikusi ahal izango dira Euskal Herrian haren lan guztiak. Bestalde, zinemagileari buruz argitaratuko den liburuak hutsune historiografiko nabarmen bat beteko du, Frantzian bertan ere ez baitago Biarritzeko zuzendariari buruzko monografia bakar bat ere.

Euskadiko Filmategiak 2015ean programazio egonkor bat martxan jarri zuenetik, irmo eutsi dio urtero euskal zinemagile bati buruzko argitalpen monografiko bat kaleratzeko eta urritik abendura bitartean atzera begirako ziklo bat eskaintzeko asmoari: Víctor Erice, Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro eta Helena Taberna izan dira azken urteetako protagonistak. Aurten, Yannick Bellon dugu protagonista, Denise Bellon joan den mendeko frantziar argazkilari esanguratsuenetako baten eta politikoki konprometitutako magistratu baten alaba. Denise Bellon mugimendu surrealistarekin aritu zen, Alliance-Photo agentziaren sortzaileetako bat izan zen, eta espiritu bidaiari eta humanista aparta erakutsi zuen bere lanen bidez.  Yannick Bellonek, Loleh Bellon ahizparekin batera (1925-1999), Euskal Herrian eman zuen haurtzaroa eta nerabezaroaren zati bat. Loleh ahizpa, Baionan jaioa, ospe handiko aktore eta antzerkigilea izan zen, eta Jorge Semprún idazle eta politikariarekin ezkondu zen 1948an.

D’où vient cet air lointain? (2018) da Yannick Bellonen azken filma, eta, hala, esan genezake frantziar zinemako ibilbiderik luzeena izan duen zinemagilea dela. Duela 70 urte, 1948an, Veneziako Zinemaldia irabazi zuen Goémons bere lehenengo film dokumental laburrari esker. Yannick Bellonek muntaketa- eta zuzendaritza-lanak egin ditu zineman eta telebistan, film labur zein luzeak, eta beti haize kontra eginak. Zuhur eta, aldi berean, goxo tratatu ditu bere filmetako pertsonaiak, eta, mendetasuna arbuiatzearekin batera, beren duintasuna berreskuratzea dute beti helburu azkenean pertsonaiok. Bellonengan, hala, oso nabarmena da humanismoarekiko eta, beraz, feminismoarekiko konpromisoa, eta zantzu poetiko eta musikal ikusgarria ematen die horrek bere filmei.

1974an Zilarrezko maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, La femme de Jean filmari esker. 

Zinemagileari buruzko monografia Éric Le Royk idatziko du, zeina Frantziako CNC Zinema eta Irudi Bizidunen Zentro Nazionaleko Bildumetarako Sarbide, Balorizazio eta Aberaste Zerbitzuko burua baita. Horrez gainera, FIAF Film Artxibategien Nazioarteko Federazioko presidente izan zen sei urtez, eta Frantziako Zinematekan ere lan egin zuen. Zinema frantsesari eta zinemateken historiari buruzko artikulu ugari idatzi ditu, eta Frantziako zinemari eta argazkigintzari buruzko lan kolektiboak zuzendu. Aipagarriak dira orobat Denise Bellon —Yannick Bellonen ama— argazkilariari buruz egin dituen lanak.

Atzera begirako zikloko film luzeak:

Quelque part quelq’un (1972)

La femme de Jean (1974)

 - Jamais plus toujours (1976)

 - L’amour violé (1978)

 - L’amour nu (1981)

 - La triche (1984)

 - Les enfants du désordre (1989)

 - L’affût (1992)

 - D’où vient cet air lointain ? (2018)


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.