Euskadiko Filmategiak programazio egonkorra abiatu du Bilbon

2018-10-10

Bilboko Arte Ederren Museoak urriaren 13tik aurrera bere baitan hartuko ditu Filmategiak 2015az geroztik Donostiako bere egoitzan, Tabakaleran, antolatutako jarduerak. Hala, Bizkaiko pinakoteka Euskadiko Filmategiaren egoitza iraunkorra  bilakatuko da. 

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Euskadiko Filmategiak lankidetza-akordioa sinatu dute gaur, eta, horren bitartez, hemendik aurrera, ehun urtetik gora dituen Bilboko pinakotekak hartuko ditu Filmategiak antolaturiko zine-zikloak. Bi erakundeetako arduradun nagusiak bildu dira gaur lankidetza-akordioaren aurkezpenean. Lankidetza, gainera, aste honetan bertan abiatuko da; izan ere, Helena Taberna zinegile eta gidoilariari buruzko atzera begirako ziklo bat erakutsiko da.

Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira Euskadiko Filmategiaren patroi nagusiak. 1978an sortu zen Filmategia, eta hauxe du helburu: zinemaren ikuspegitik interesgarriak diren filmak eta ikus-entzunezko lanak ikertzea, berreskuratzea, artxibatzea, gordetzea eta erakustea, betiere, euskal zinemari arreta berezia eskainiz. Era berean, Filmategian biltzen eta gordetzen da historiaren eta kulturaren aldetik gorde beharrekoak diren agiriak eta material teknikoa.

40 urteko ibilbide horretan, museoak eta Filmategiak sarritan kolaboratu dute, euskal zinemaren ondaren hauspotzeko eta zabaltzeko asmoz –2015az geroztik, Tabakaleran dago Filmategia, Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan–.

Akordio honek mugarri bat ezarri du bi erakundeen arteko lankidetzan; izan ere, akordioari esker, Museoan erakutsiko dira Euskadiko Filmategiak antolaturiko zikloak eta emanaldiak; beraz, Filmategiaren kolaboratzaile iraunkor eta erreferentziazkoa dugu orain Museoa, Tabakalerarekin batera.

Hala, Museoak larunbatero eskainiko ditu saioak, kultura zinematografikoa zabaltzeko helburuz, eta, horretarako, bi eratako lanak emango ditu: euskal ondareari dagozkion lanak eta zinearen historiako lan klasikoak. Egitasmoa urriaren 13an jarriko da martxan, larunbatez, Museoko auditoriumean. 208 lagunentzako tokia du auditoriumak, eta orain dela gutxi zaharberritu da, hartara, punta-puntako baliabide teknologikoak erabili ahal izateko.


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.