Juanmi Gutierrezi omenaldia

2019-03-06

Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiak, Donostia Kulturak eta Tabakalerak, Kresala Zineklubarekin, Elías Querejeta Zine Eskolarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, Juanmi Gutierrezi (1945-2019), orain gutxi zendutako zinemagileari, omenaldia eskainiko diote martxoaren 12an. Zinemagile errenteriarraren familiak berak aukeratutako bi film proiektatuko dira 19:00etan Tabakalerako 1 zinema aretoan. Sarrera doan izango da, aretoa bete arte.

Lehendabizi, Gutierrezek 1982an Super-8an grabatu zuen eta Euskadiko Filmategiak digitalizatu duen film labur bat proiektatuko da: Itxoiten. Denboraren iragatea jorratzen du fikziozko film labur honek; emakume batek bere bizimoduan, haurra denetik adinekoa izatera iritsi arte, dituen desioen eta beharren bilakaera azaltzen du. Ondoren, Kany Peñalbak (Zazpi t’erdi) ekoitzitako Angor (2007) dokumentala proiektatuko da. Zinema zuzendaria une horretan lantzen ari zen munduko hilerriei buruzko dokumentalaren prestaketa prozesua kontatzen du filmak. Ustekabean, errealizadoreak bihotz ebakuntza bat izan zuen eta ezusteko horrek proiektua birplanteatzera bultzatu zuen. Hala, gaixotasunaren inguruan bizitako esperientzia pertsonala eta bere egitekoaren irudiak nahasten dira modu interaktibo batean.   

Juanmi Gutierrez batik bat dokumentalaren alorrean nabarmendu zen 70. hamarkadaz geroztik. Eusko Ikaskuntzako Zinematografia saileko presidentea izan zen. Bere lanak sarritan aurkeztu zituen Donostia Zinemaldian (hautespen-batzordeko kidea izan zen 1979an), Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta baita Kresala Zineklubean ere. Zinemazale sutsua izan zen eta azken egunetara arte maiz etorri zen Tabakalerako zinema aretora programazio desberdinez gozatzera. Sombras en la caverna. El tempo vasco en el cine (1997) liburua idatzi zuen eta Euskadiko Filmategiaren ohiko kolaboratzailea ere izan zen: Ama lur filmari eta Fernando Larruquert zinemagileari buruzko liburuen egilea da. Gaur egun bizirik dirau euskal zinemaren belaunaldi gazteetan hark izandako eraginak -denbora luzez irakasle izan zen Larrotxene Kultur Etxean-.


Albisteen zerrendara itzuli

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.