Antonio Mercerori omenaldia

 

Euskadiko Filmategiak, Crossover telesailen kultura jaialdiak (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kultur Factory agentziak antolatuta) eta Lasarte-Oriako Udalak omenaldi bat eskainiko diote Antonio Mercerori (Lasarte-Oria, 1936-Madril, 2018) maiatzaren 29an, 21:00etan, Tabakalerako 1 zinema aretoan. Ekitaldia doan izango da, aretoa bete arte. Merceroren La cabina (1972), telebistarako egindako film ertaina, hainbat aldiz saritua, ikusi ahal izango da. Aurkezle lanetan arituko dira Antonio Santos Mercero, gidoilaria eta zuzendariaren semea, eta Jesus Angulo, 2001ean Euskadiko Filmategiak Mercerori eskainitako liburuaren egileetako bat.

Antonio Mercero Juldain maiatzaren 12an zendu zen. Zinema eta telebistarako egin dituen lanek arrasto handia utzi dute azken bost hamarkadetan. Gerra Zibilari buruzko trilogia berezia (La guerra de papa, Espérame en el cielo eta La hora de los valientes) eta telebistako telesail arrakastatsuak (Verano azul, Turno de oficio eta Farmacia de guardia) ikusleen oroimenean daude, umore eta emozioa neurriz uztartuta beti jakin izan baitzuen jendearengana iristen.

La cabina (1972) Mercero beraren ideia batetik sortu zen; José Luis Garcirekin batera idatzi zuen, eta José Luis López Vázquez izan zen protagonista. Emmy saria lortu zuen telesail onenaren atalean. Zuzendariak berak honela definitu zuen: «parabola irekia da, aukera asko eskaintzen dituen gidoi egitura, pertsona bakoitzaren sentsibilitatea susper dadin, eta bere kultura mailaren eta prestakuntzaren arabera uler dezan». Interpretazioetako batek, noski, garai hartako Espainia frankistarekin zuen zerikusia. Ondorengo zuzendariek lan horren eragin nabarmena izan zuten, besteak beste, Alex de la Iglesiak, zeinak eman baitzion Ohorezko Goya saria Mercerori 2010ean. Zuzendari bizkaitarraren iritziz, gipuzkoarraren lana «gure burua hobeto azaltzen duten maisu lanetako bat da. Gizon bat, merezi ez duen egoera absurdo eta surrealista batean harrapatuta, ingurukoek pasiboki begiratzen dioten bitartean».

Maiatzak 29 (21:00) [Tabakalera / 1 zinema aretoa]

 

LA CABINA (Antonio Mercero, 1972). Espainia. JBES. 35'.

 

 

Telebistarako egindako produkzio honek telefono-kabina batean harrapatuta geratzen den gizonezko batek bizitako estualdia kontatzen du. Hasiera batean garrantzi gabeko ezustekoa dirudiena, pixkanaka egoera kezkagarri eta beldurgarria bihurtuko da, eta gizonezkoarengan izugarrizko etsipena eta larrialdia eragingo ditu.

* Aurkezpena: Antonio Santos Mercero (gidoilaria eta Antonio Merceroren semea) eta Jesús Angulo (El humor y la emoción: el cine y la televisión de Antonio Mercero liburuaren egilea). 



Salneurria

Doan, aretoa bete arte. 

Laburdurak

JBES: jatorrizko bertsioa gaztelaniaz.

Lekua

Tabakalera / 1 zinema aretoa 
Emakume Zigarrogileen plaza, 1-1. solairua 
20012 Donostia 

Antolaketa

EUSKADIKO FILMATEGIA
CROSSOVER TELESAILEN KULTURA JAIALDIA (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kultur Factory agentziak antolatuta)
LASARTE-ORIAKO UDALA

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.