Programazioa

Éric Rohmer

Éric Rohmer

Literatura-irakasle, zinema-kritikari, Cahiers du Cinéma aldizkariko zuzendari (1957-1963) eta zinemagile. Éric Rohmer (1920-2010) dugu, nouvelle vague mugimenduaren buru teorikoa eta Godard, Rivette, Chabrol eta Truffauten gidari espirituala. Prosazko zinemaren eta gardentasunaren defendatzaile (kamera ikusezina, zintzotasuna enkoadraketan, giza begiaren mailako begirada, errealitatearekiko errespetua), hiru sail zabal dira Rohmerren lanaren ardatz nagusiak, eskema beraren bariazio sinfonikoak hirurak ere.

Lehenengoan Six contes moraux, sei gizonezko protagonistak beren irudimenean bakarrik existitzen den nobela bateko heroi sentitzen dira. Maitasun-triangeluei eta amestutako desleialtasunei buruzko istorioak dira, zeinek “pertsonek benetan egiten dutena baino areago beren buruetan gertatzen dena” erakusten baitute. Horren erakusgarri dira, adibidez, Ma nuit chez Maud filmeko (1968) ingeniari jainkojalea edo Le Genou de Claire filmeko (1970) Jérôme libertinoa; beraz, komeni da arretaz erreparatzea hitzen eta ekintzen arteko desorekari.

Comédies et proverbes sailean, berriz, erregistroa aldatzen du Rohmerrek (erreferentzia antzerkira aldatzen da), bai eta narratzailearen figura ere (hirugarren pertsonan kontatutako filmak dira, eta emakumeak dira saileko sei protagonistak) laurogeiko hamarkadako gazteen maite-jokoak erakusteko: gazteok beldur handiagoa diote bizitzaren monotoniari beren sentimenduen azterketari baino. Hori gertatzen zaie La Femme de l’aviateur filmeko (1980) protagonistari, abentura xerka etengabean beti, Le Beau Mariage filmekoari (1981), kosta ahala kosta ezkondu nahian, edo Pauline à la plage filmekoari (1982), non protagonistaren heldutasun sentimentalik ezak kontraste nabarmena egiten baitu lehengusinaren zentzutasunarekin.

Baina zinema denboraren eta espazioaren artea dela sinetsita, hau da, munduaren aurrean zabaltzen den leiho bat, non ikusezina erakusteko eta iradokitzeko bide bakarra ikusten dena erakustea baita, Rohmer bere lehenengo film-sailera itzuliko da Contes des quatre saisons sailean; izan ere, antzekotasun meteorologikoak ditu lehenengo saileko filmekin, eta, izenburuak adierazi bezala, urtaroen igarotzearekin lotuta daude saileko lau filmak: udaberria eta uda, maitasunarekin; negua, desamodioarekin; eta udazkena, heldutasuneko desengainuekin. Oraingoan, desioak hizkuntzaren eta pentsamenduaren bidez azaltzen dituzten pertsonaia helduak dira protagonistak.

Modernitatearen zinemagile petoa, sailak egin ahala beste film batzuk ere tartekatu zituen Rohmerrek: horietan, historiari buruzko bere ikuspegi berezia ematen du batzuetan, haren forma antzeztuta (Die Marquise von O..., 1975) edo garai bateko Paris digitalki sortuta (L’Anglaise et le Duc, 2000), eta beste batzuetan, berriz, saiakeran murgiltzen da —Les Rendez-vous de Paris (1994)—, non travelling luze bat estiloariketa bihurtzen baita.

Programa
Bilbo
Donostia
Donibane Lohizune
Zerbitzuak

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.