Jarduerak bilatu
Iragandako ekitaldiakEzagutzaren eta edertasunaren zurrunbiloa
Leibnizek (1646-1716) zioen konturatu gabe zenbatzen ari denean giza adimenak sentitzen duen plazerra dela musika. Interesgarria zatekeen zinemari buruz zer iritzi zuen jakitea, esperientzia era berean atsegingarria izango zitzaiola eta zientziarekin lotura politen bat zirriborratuko zuela susmatu baidezakegu.
Euskadiko Filmategiak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC), orain ere Donostiako Zinemaldiaren laguntzarekin, lau urte daramatzate 'Zinema eta Zientzia' zikloarekin kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa transmititzeko helburua lortu nahian. Hainbat zientzia-eremurekin estimulatzaileak diren loturak bilatzeko, aurtengo hautaketak modu eklektikoan konbinatzen ditu filmak, eta, ziklo honen bereizgarri denez, emanaldi bakoitzarekin batera, nazioarteko izen handiko zientzialariekin aurkezpenak eta solasaldiak izango ditugu proiekzioetan. Haiek dira hain zuzen ere hiru filmetako protagonistak: Ramanujan matematikari indiarra, El hombre que conocía el infinito filmean; Turing polifazetikoa, Imitazio jokoa filmean; eta Marie Curie aitzindaria, Madame Curie filmean, aurtengo kartelaren protagonista. Ideia honen zerumugak zabalak diren froga, ezinbesteko klasiko batzuen hautaketa da: Johnnyk bere fusila hartu zuen, El milagro de Ana Sullivan, Los dientes del diablo, Gritos y susurros edo Emakumea ilargian. Azken hau, koronabirusaren krisialdiaren ondorioz aurreko edizioan bertan behera utzi ondoren programatu da berriro ere. Pandemiaren gaia ez dugu jorratu gabe utzi eta aurten bi film eskainiko dira hausnarketarako lagunduko dutenak, bai zientzia fikzioaren esparruan La amenaza de Andromeda filmarekin zein ezaguna egingo zaigun egoera deskribatzen duen film batekin, Contagio.
2020 urteak pentsarazi digu aurreko edizioek oinarri oso sendoak zituztela, baina, bereziki, 2021ekoa inoiz baino beharrezkoagoa dela. Gure uste bikoitza berresten dugu: kultura zientifiko handiagoa izateak gizarte gisa hobeto oinarritutako erabakiak hartzen laguntzen digu eta, André Malrauxek irakatsi zigun bezala, kultura zinematografiko handiagoa izateak nobleziaren eta munduaren edertasunaren oinordeko bihurtzen gaitu.
Zikloaren programa (PDF)
Non gaude
Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia
Kontaktua