Programazioa

Zinema eta zientzia

Zinema eta zientzia

Berriki Euskadiko Filmategira egindako bisitan, pasadizo bat kontatu zigun Bertrand Tavernier zinemagile handiak. Frantziako hiri bateko aldiriei buruzko dokumental bat filmatu zuen sei hilabetez, Nils Tavernier semearekin batera. Han, besteak beste, fabrika bateko langile jada erretiratu bat elkarrizketatu zuen, eta oso hunkigarriak izan omen ziren haren hitzak. Handik denbora batera, bisitan joan zitzaizkion Bertrand eta Nils, eta ikusi zuten langilea gaixorik zegoela, larri, ordurako oso ahulduta. Etxe-atarian, Bertrand agurtzekoa zela, hari begiratu, eta esan zion langileak: “Segi transmititzen”. Sekula esan dioten esaldirik hunkigarrienetako bat izan omen zen hura Bertrand Tavernierrentzat. Zerbait “sakratua” zuen esaldi hark, agindu moduko bat, bera bezalako zinegile batentzat. Harrezkeroztik egiten duen guztia gizon harengan pentsatuz egiten duela aitortu zigun Bertrand Tavernierrek.

Duela hiru urte jada asmo sendo bera agertu genuen DIPC Donostia International Physics Centerrek eta Euskadiko Filmategiak: kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa, biak, transmititzea. Eta orain, asmo horrekin bat egin du Donostia Zinemaldiak; oso pozik gaude, beraz. Proiektuaren oinarria zientzialariek egindako filmen aurkezpenak eta filmak ikusi ondoko eztabaidak dira. Aurreko bi edizioetan ikus-entzuleek zikloari egindako harrera ona ikusita, badirudi langile hark Tavernierri esandako gauza bera ari zaizkigula esaten guri: jarraitzeko transmititzen, alegia. Eta asmo horixe dugu hirugarren ediziorako.

Ágora filmak (Alejandro Amenábar, 2009), Hipatiaren figura ardatz hartuta, erlijioaren eta zientziaren arteko eztabaidan murgilduko gaitu, Antzinarotik gaurdaino bizi-bizi dirauen eztabaida, bidenabar. Zergatik Gilda (Charles Vidor, 1946)? 183,84 arrazoi daude horretarako, pisu (atomiko) handikoak. Gattaca (Andrew Niccol, 1997) filmarekin, berriz, manipulazio genetikora hurbilduko gara.  Proxima (Alice Winocour, 2019) Donostia Zinemaldiaren azken edizioko Sail Ofizialean ikusitako harribitxietako bat da. Her (Spike Jonze, 2013) adimen artifiziala da, bai, baina hori baino askoz gehiago. Autómata (Gabe Ibáñez, 2014) robotikaren munduan murgiltzen den distopia bat da. El árbol de la vida (2011) filmak, Terrence Malick-ek zuzendua, Canneseko Zinemaldia irabazi zuen, eta pantaila handian ikusteko filma da, zalantzarik gabe. Zientzia-fikzioari urtero egiten diogun errepasoan, bi adibide eder dakartzagu aurten: El hombre con rayos X en los ojos (Roger Corman, 1963) eta Emakumea ilargian/La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929). Despertares (Penny Marshall, 1990) filmak neurologiara hurbilduko gaitu Oliver Sacks-en eskutik, eta Ad Astra (2019) filmean, berriz, barne-bidaia eta espazio-abentura konbinatzen ditu James Gray zuzendariak.

Transmititzen jarraitzen dugu.

Zikloaren programa
Donibane Lohitzune
Zerbitzuak

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.