Programazioa

Yannick Bellon

Yannick Bellon

Yannick Bellon (Biarritz, 1924-Paris, 2019) zinemagile aparta izan zen, eta ibilaldi benetan luzea izan zuen: zazpi hamarkada eman zituen zinemagintzan. Haren haurtzaroa eta nerabezaroa Euskal Herriari hertsiki lotuta daude. Denise Bellon (XX. mendeko frantziar argazkilari garrantzitsuenetako bat) eta Jacques Bellon magistratua izan zituen guraso; Yannick eta Loleh Bellon ahizpa (Baiona, 1925-Le Kremlin-Bicêtre, 1999) artearen inguruan eta politikari dagokionez giro ezkertiarrean bizi izan ziren beti. Osabak, Jacques Brunius zinemagileak, zinemarekiko grina piztu zien bi ahizpei (Loleh aktore eta antzerkigile ospetsua izan zen). Jean Rouch izan zen Yannicken lehenengo maitasuna: sasoi hartan seguruenik bietako batek ere ez zuen pentsatuko biak ere zinemagintzan arituko zirenik.

Hogeita lau urterekin bere lehenengo film laburra egin zuen, Goémons (1948), eta Sari Nagusia jaso zuen Veneziako Biurtekoan. Bretainiako uharte batean egina dago, ausardiaz eta berezko estiloarekin, eta Buñuelen Las Hurdes eta Flahertyren Man of Aran filmen zertzeladak ditu. Handik bi urtera, Colette idazlearen etxean, naturaltasun eta sakontasun handiko film ertain bat egin zuen.  Gerraren izugarrikerien inguruko gogoetak jaso zituen Varsovie, quand même filmean, ahulenen alde egin zuen Simone Signoretekin batera Un matin comme les autres-en, eta Claude Roy-k idatzitako ipuin bat, itxuraz haurrentzakoa, zinemaratu zuen: Zaa, petit chameau blanc. Muntatzaile-lanetan eta telebistan aritu zen zenbait urtez, eta gero bere produkzio-etxea sortu zuen (Les films de l’équinoxe); hala, 1972an bere lehenengo film luzea zuzendu zuen: Quelque part quelqu’un,aldaketa betean ari zen Parisen gaineko begirada poetikoa da, eta Henry Magnan senarrari, zeinak bere buruaz beste egin baitzuen, egindako omenaldi hunkigarria. 1974an, Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. La Femme de Jean filmarekin, emakumeen askatasunaren eta emantzipazioaren aldeko alegatua. Sari hori lortu duen Euskal Herrian jaiotako zuzendari bakarra da. Yannick Bellon feministak gizarteari buruzko zituen kezka sakonak erakutsi zituen hurrengo filmetan: denbora eta oroimena Jamais plus toujours-en, bortxaketa L’Amour violé-n, bularreko minbizia L’Amour nu filmean, artea bazterkeria gainditzeko baliabide gisa Les Enfants du désordre filmean, bisexualitatea La Triche-en eta ekologia L’Affût filmean. 2001ean, Chris Marker handiarekin batera, ama omendu nahi izan zuen Le Souvenir d’un avenir filmarekin. Yannick Bellonek 2018an zuzendu zuen bere azken lana (D’où vient cet air lointain?), eta, hala, talentu handiko zazpi hamarkada osatu zituen zinemagintzan.

Konpromiso handia izan zuen bizitzea egokitu zitzaion gizartearekiko, eta idazkera oso pertsonaleko zinema egin zuen, bilaketa formal ukaezin batean: haren filmak inoiz baino biziago daude. Eta aurrez aurre izango ditugu urritik abendura.

Zikloaren programa

Proiekzioen egutegia

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.