Programazioa

Jazzinema 4

Jazzinema 4

Zoria izango da. 1927an, The Jazz Singer (El can­tor de jazz) filmarekin soinudun zinema sortu zen, eta, izenburuak berak ere jazzera gara­matza. Euskadiko Filmategiak antolatutako JAZZINEMAren aurreko edizioetan, bi diziplina artistiko horien arteko harreman pribilegia­tuaren berri ematen duten filmak programa­tu dira: zinema eta jazza, jazza eta zinema. Hiru ardatz nagusik eusten diote ideia horren funtsari, eta adibide ugari daude programa­tutakoen artean: soinu-bandan jazza nabar­mena duten filmak (Ascenseur pour l’échafaud –Ascensor para el cadalso– 1958); jazz-musi­kariak protagonista dituzten filmak (Bird, 1988), eta jazzaren eragin nabarmena duten filmak (The Connection, 1961). Batzuetan, hiru ardatzetatik zerbait dute filmek. Zoria izango da. Euskal Herrian zinemarako eta jazzerako zaletasun handia dago. Eta egiaztatu duguna da, sarritan, zaleek biak dituztela maite. Zoria izango da.

JAZZINEMAren laugarren edizio honetako nobedade nagusia da Bilbon ere egongo gare­la, Arte Ederren Museoan, beti bezala, eta, ho­rrez gainera, Getxoko Nazioarteko Jazzaldia­rekin elkarlanean arituko garela lehen aldiz. Beste albiste bat da fokua zinema frantsesean ere jarri nahi izan dugula, oso garrantzitsua izan baitzen. Hori ere zoria izango da... À bout de souffle (Al final de la escapada, Jean-Luc Go­dard, 1960) ez da Nouvelle Vague mugimen­duaren sorrerako film bat soilik; horrez gai­nera, Martial Solalen soinu-bandak, filmaren muntaiak eta haren arimak berak jazza eguz­ki duen planeta-sistema batera eramaten gai­tuzte. Roger Vadimi askok ez zioten barkatu Choderlos de Laclos klasikoarekin ausartu izana (Les liaisons dangereuses), nahiz eta Jean­ne Moreau, Gérard Philipe, Jean-Louis Trintig­nant eta Boris Vian idazle eta jazz-musikaria egon aktore-zerrendan. Gainera, Art Blakey, Duke Jordan eta Thelonious Monk musikariek ere parte hartu zutenez soinu-bandan, merezi du filma berriro ikustea. Jazzak eta zinemak sarritan ontzi komunikatiboak osatu badituz­te, are estuagoa da jazzaren eta zinema belt­zaren arteko harremana. Un témoin dans la ville filman (Sólo un testigo, Édouard Molinaro, 1959), Barney Wilenen musikak biziagotu egi­ten du filmeko jazarpen-eszena; Lino Ventura­ren interpretazioa benetan distiratsua da zi­nemagintza beltz frantziarreko film honetan.

Atlantikoa zeharkatuta, ezer gutxi gaineratu diezaiokegu Touch of Evil (Gaizkiaren ukitua, Orson Welles, 1958) maisulanari buruz esan denari; Henry Mancini handiaren jazz-musi­ka latindarrak osatzen du haren soinu-banda. Woody Allenen zinema jazzik gabe ezin dela ulertu argi geratu zen berriz Radio Days (Días de radio, 1987) filman, non New Yorkeko 40ko hamarkadako irratien bidez entzuten baitugu musika. Amaitzeko, estreinaldi bat: Ella Fitzge­rald: Just One of Those Things (2019): britainiar dokumentalista ospetsuenetako batek (Leslie Woodhead) jazz-izarrari buruz egindako fil­ma. Jazza eta zinema, zinema eta jazza. He­men, Euskal Herrian, Euskadiko Filmategiaren eskutik. Zoria izango da...

Zikloaren programa

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.