Katrina, 10 urte ondoren

KATRINA URAKANAK ERAGINDAKO SUNTSIKETAREN HAMARGARREN URTEURRENA OROITUKO DU EUSKADIKO FILMATEGIAK ZIKLO BATEKIN

Katrina Urakanak New Orleans hirian eragin zuen suntsiketaren hamargarren urteurrena betetzen den honetan, Euskadiko Filmategiak Katrinak eragindako ondorio latzak ederki erakusten dituzten filmeen zikloa antolatu du abenduaren 3tik 18ra Donostian eta Bilbon. Tabakalera eta Azkuna Zentroa dira ziklo honen antolaketaren laguntzaileak. Halaber, Fermin Muguruza izango da ziklo honetako aholkularia.

2005eko abuztuaren bukaeran, Katrina Urakanak 1.833 hildako utzi zituen Amerikako Estatu Batuetako hego-ekialdean. 100.000 etxe gelditu ziren ur azpian eta New Orleanseko biztanleriaren %80ak bere etxebizitza utzi behar izan zuen. Naturak eragindako suntsiketaz gain, Bush presidentearen administrazioaren gaitasun eza (hilabete batzuen ondoren egindako hainbat akats onartu behar izan zituen presidenteak) pairatu behar izan zituzten herritarrek. Duela gutxi zendutako Allen Toussaint musikariak esan zuenez: “Gauza ikaragarriak ikusi nituen. Baina baita ere borondate oneko ekintza ugari (…). Jende askok modu ederrean erreakzionatu zuen gainontzekiko, beste toki askotatik etorri zen jendea gu laguntzera. Eta horrek lasaitu ninduen”.

Azala haragira itsatsita dagoen moduan, zinemak errealitatera itsasteko duen gaitasuna egia bada, New Orleansen eta Katrinaren kasuak adibide ederrak dira. Zenbait zinemagile ospetsuk haien kamerak hartu zituzten eta bertan gertatu zena kontatzera hurbildu ziren. Spike Lee izan zen lehendabizikoa HBOrentzat egindako ezinbesteko dokumental batekin, When the levees broke (2006). Ondoren Trouble the water (2008) txundigarriarekin iritsi ziren Carl Deal eta Tia Lessin. Aaron Walker, berriz, Katrinaren aurreko eta ondorengo ikuspegi antropologikoetan murgildu zen Bury the hatchet (2009) filmarekin.

Katrina, hamar urte ondoren zikloa laburra baina trinkoa da. Gainera, gure arteko baten begiradarekin New Orleansera hurbiltzeko aukera izango dugu: Fermin Muguruzarekin, hain zuzen. Zikloan estreinatuko duen NOLA? filmak, bertako kultura musikal izugarriari omenaldia da, 2005eko suntsiketari bistarik kendu gabe. Zinemari esker, historia hura ez du haizeak eramango.

 

Katrina, 10 urte ondoren

 

Nola? (Fermin Muguruza, 2015). Euskal Herria. JB euskarazko azpitituluekin. 67’.

 

 

2015/12/03>19:00etan. Donostia (Tabakalerako zinema aretoa).
   *Aurkezpena: Fermin Muguruza.

2015/12/04>19:00etan. Bilbo (Azkuna Zentroko Auditoriuma).
   *Aurkezpena: Fermin Muguruza.

Bere xarmak erakarrita Fermin Muguruza The Big Easyra joan da disko bat grabatzera: Irun Meets New Orleans. Bertan, alde batetik, bere ibilbideko zortzi abesti moldatu ditu New Orleanseko doinuetara eta hiriko bi klasiko interpretatu ditu, eta bestetik, NOLA? dokumentala zuzendu du (hango egoeraz, Katrinaren 10. urteurrenean). Hori guztia, tokiko pertsona esanguratsuenez inguratuta: Preservation Hall Jazz Band talde historikotik Katey Red abeslari bounceraino; Galactic, Dr. John eta Trombone Shorty taldeekin lankidetzan. "Treme"-ko pasarte batekin paralelotasun ugari ditu: abestiak oso ondo integratuta daude, protagonistek kontatzen dutenarekin lotuta. Hala, musika narrazioaren pertsonaia bat gehiago bihurtzen da. Pelikularen ardatz nagusia George Ingmire da (WWOZko esataria, dokumentalista eta urakanak izan zuen eraginaren inguruko hainbat irratsaioren aurkezlea). Bere diskurtso kritiko eta ironikoarekin, diskoaren grabazioaren kontakizuna, gauzen egoeraren inguruko gogoetekin tartekatzen du. 

 

TROUBLE THE WATER (Carl Deal-Tia Lessin, 2008). AEB. JBGA. 96’.

 

 

2015/12/07>19:00etan. Bilbo (Azkuna Zentroko Golem Zinemak).

2015/12/10>22:00etan. Donostia (Tabakalerako zinema aretoa).
   *Aurkezpena: José Luis Rebordinos, Fermin Muguruza.

Ekaitzaren bezperan hasten da filma, hau da, Kimberly Rivers Roberts rap artistak bideo kamera berria soinean hartu eta 9th Wardeko bere bizilagunak hirian harrapatuta geratzen diren egunaren bezperan. “Egun gogoangarria izango da”, dio Kimek. Hiritik ezingo dute alde egin, eta elikagai gutxiz eta hi 8 kameraz hornituta, berak eta bere senarrak euren esperientzia latza grabatuko dute: ekaitzak ingurune guztia suntsitu du, ondoko dikea hautsi egin da, eta uhaldiak euren etxea eta komunitatea estali ditu. Dikea hautsi eta gutxira, kameraren bateria agortu egingo da. Ekaitzaren goiz berean eta bezperan grabatutako etxeko pelikula horretako 15 minutu, artxiboko pasarte berriak eta ondorengo bi urteetan filmatutako irudiak biltzen ditu filmak. Tia Lessin eta Carl Deal zuzendariek kontatzen dute ohiz kanpoko pertsona horiek nola bizirauten dieten ez bakarrik hautsitako dikeei, baizik eta baita burokraziari, armatutako soldaduei eta euren iraganari ere.

 

BURY THE HATCHET (Aaron Walker, 2009). AEB. JBGA. 86’.

 

 

2015/12/10>19:00etan. Donostia (Tabakalerako zinema aretoa).
   *Aurkezpena: Fermin Muguruza.

2015/12/11>19:00etan. Bilbo (Azkuna Zentroko Auditoriuma).

New Orleanseko Mardi Graseko hiru ‘buruzagi indio handi’-ren argazkia egiten du Bury the hatchet filmak. Izan ere, amerikarrek Luisianako zingiretan hartu zituzten arbasoen ondorengo esklaboen oinordekoak dira. Gaur egun, Mardi Gras egunean hainbat tribu afroamerikarrek desfilatzen dute hirian, urtean zehar jositako arropa landuak jantzita. Pelikulak hiru indio horien jarraipena egiten du bost urtetan zehar, Katrina Urakana baino lehen eta ondoren, eta hainbat gai jorratzen ditu, hala nola poliziaren aurkako borroka, euren arteko indarkeria, auzoen burgesamendua, gazteriaren axolagabetasuna eta hondamendi naturala.

 

WHEN THE LEVEES BROKE (Spike Lee, 2006). AEB. JBGA. 255’.

 

 

2015/12/17>19:00etan. Donostia (Tabakalerako zinema aretoa).
   *Aurkezpena: Begoña del Teso, Fermin Muguruza.

2015/12/18>19:00etan. Bilbo (Azkuna Zentroko Auditoriuma).

2005eko abuztuan, Katrina Urakanak New Orleans hiri amerikarra kolpatu zuen. Ekaitzak bere kabuz kalteak eragin bazituen ere, hori ez zen izan benetako hondamendia. Izan ere, uholdeetatik babesteko eraikitako dikeek huts egin zuten eta hiriaren zati handi bat (neurri handi batean itsas mailaren azpian aurkitzen zena) urperatuta geratu zen. Hala, hiria eta hiritarrak suntsitu zituen zoritxarreko gertaera ilara kontatzen du filmak. Gainera, zenbait gobernuren eta administrazioren (tokikotik hasi eta federalera arte) gaitasun eza aztertzen du, eta horrela, erakusten du hondamendi honetan gaizki tratatuak izan zirela New Orleanseko pertsona txiroak eta behartsuak, eta gaur egun oraindik ere ahaztuak izaten jarraitzen dutela.

Salneurriak

Donostia (Tabakalera)
Sarrera: 3,50 €.
*Salgai: Tabakalerako 1. solairuko Informazio Puntuan.

Bilbo (Azkuna Zentroa)
Sarrera: 4,5 € (3,5 € AZ txartelarekin).
*Salgai: Golem Zinemetako leihatilan +www.golem.es .

Laburdurak

JBGA: jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin.
JB euskarako azpitituluekin: jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin.

 

Non gaude

Tabakalera
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (2. solairua)
20012 Donostia

Kokatu gaitzazu mapan

Kontaktua

Euskadiko Filmategia Fundazioaren Patronatua ondorengo erakundeek osatzen dute

Euskadiko Filmategia Fundazioa ondorengo erakundeak finantzatzen du

Ikusentzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren laguntzarekin hobetutako web gunea.