Gure arteko zinemagile garaikide garrantzitsuenetakoaren eta nazioartekoenaren filmografia osoa Baionan (Cinema l’Atalante), Bilbon (AlhondigaBilbao), Donostian (Antzoki Zaharra) eta Gasteizen (Aula Fundación Caja Vital Kutxa-CC Dendaraba) programatzea aurrerapauso bat da Euskadiko Filmategiaren historian. Euskal ondare zinematografikoa kontserbatzeak, ikertzeak, berreskuratzeak eta zaharberritzeak gure eginbeharren muina izaten jarraituko du; baina, era berean, hedapenaren esparruaren baitan, iritsi da euskal pantailetara jauzia emateko unea. Eskuartean dugun egitasmo honekin erabaki dugu epe laburrean argitaratuko dugun Alex de la Iglesiari buruzko liburua, bere lanaren atzera begirakoarekin bat etortzea. 80. hamarkada amaierako Bilbon zuzendari artistiko gisa egindako lanekin abiatuko da atzera begirakoa, eta La chispa de la vida (2011) bere azken pelikularen aurrestreinaldiarekin bukatuko da, telebistarako egindako zenbait lan tartekatuta (La habitacion del niño eta Pluton B.R.B. Nero).
Hau da Euskadiko Filmategiaren lehenengo atzera begirakoa eta ziur gaude ez dela azkena izango. Etorkizuneko erronkek presentzia handiagoa eskatzen digute herri honetako eragile kultural gisa. Horretarako, hobe izango dugu, balada tristeak abestu ordez, argitara ateratzea bizitzaren txinparta den zinema. Alex de la Iglesiak laguntza eman digu, eta, era berean, ugariak izan dira euskal hiriburuetan izandako lankidetzak ere. Mila esker guztioi. Euskadiko Filmategiko lan-taldeak proiekzio zoriontsuak opa dizkizue. Goza ezazue bilbotarraren filmeez. Motorra, akzio (mutantea) eta… ekin!
Joxean Fernández
Zuzendaria
Nire filmeen atzera begirakoa egitearen ideia, alde batetik, estimulatzailea iruditzen zait, baina, bestetik, kezkagarria. Sexua bezalakoa da. Nahi duzu, baina gero arazoak ekarriko dizkizun beldur zara. Norberak egindakoa bere osotasunean erakusteak larritasuna eragiten du; izan ere, agerian uzten du arbitrarioa, eroa, eta hain zuzen ere horregatik, kuriosoki koherentea, eta baita zorrotza ere baden lana. Zergatiak, gaiak eta ondorio batzuk besteekin pilatzen dira, eta bere osotasunean ikusteak ezohiko kointzidentziak sorrarazten ditu. Ildo horretan neroni ere harrituta geratu izan naiz, adibidez, traizioak, telebistaren presentziak, aita bilatzeak, edota dekoratu batek ezkutatzen duen iruzur tragikoak, sarritan joan etorrian dabiltzan kontuak direla ohartuta. Barregarri geratzea, pailazoak, maitasunaren eta umorearen arteko harremana edota umorearen eta izuaren arteko erlazioa ulertzeko saiakerak etengabeak dira. Hau ez da ez ona ezta txarra ere, horrela da, besterik gabe. Dagoeneko ezin diot neure buruari ihes egin. Heriotzara arte neure buruarekin bizitzera kondenatuta nago. Zama hau duintasunarekin eramaten saiatuko naiz. Infernua ez dira besteak, nik uste nuen bezala. Nire arimaren txokorik ilunenean dago ezkutatuta okerrena. Neroni naiz etsaia, aitortzera ausartzen ez naizen ni hori. Uste dut horretaz guztiaz dagoeneko hitz egin dudala film batean. Pelikula hauetan neronen txarrena eta onena dago, eta ez dut ukatzen. Onartzen ez dudana, agian, gauza bakar bat da: aspertzea.
Alex de la Iglesia
















